Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

«Justizia ezin da azkena izan egoera-aldaketa aitortzen»

Kartzelan 32 urte daramatzan Jakes Esnalek baldintzapeko askatasuna lortzeko eginiko bigarren eskaera aztertuko du gaur Parisko Dei Auzitegiak. Serge Portelli epaile ohiak eta Maritxu Paulus Basurco abokatuak bermatuko dute preso lohizundarraren defentsa.

Aurreko auziari Ile-de-Reko kartzelatik egin zion aurre Jakes Esnalek, jada 32. urtea espetxean egin duen presoak. Oraingoan, euskal preso gehienak hartzen dituen Lannemezango kartzelatik jarraituko du, bideokonferentziaz, baldintzapeko askatasunari buruzko auzialdia, bere abokatu Maritxu Paulus Basurco ondoan duela.

Parisen, epaitegian bertan presoa defendatzeko lana Versailleseko auzitegiko buru izandako Serge Portelli magistratu ohiak hartuko du.

«Burua hotz atxiki behar dugu; hainbat elementu gure alde bildu baditugu ere, auzia berria da, bertze epaile bat izanen dugu aurrean, eta ez dugu amets egiten fiskalaren jarrerari buruz», azaldu zion atzo GARAri Maritxu Paulus Basurcok. Hala eta guztiz ere, tanto garrantzitsu birekin helduko da lohizundarra audientziara.

2020ko maiatzaren 12an, Parisko Dei Auzitegiak orduan 69 urte zituen presoa hainbat bermerekin libre uztearen aldeko ebazpena eman zuen. Fiskalak ezarritako helegitearen erruz erabakia betearazi ez bazen ere, «finean ebazpen horretatik landa abiatuko da eztabaida», abokatuak azaldu duenez.

Halaber, iragan martxoan Kasazio Auzitegiak eman zuen iritzia aintzat hartu beharrekoa da. Fiskalak Esnalen askatasuna errefusatzeko eskatu zuenean, argudiatu zuen presoa ez zela aurkeztu CNE izeneko balorazio batzordearen aurrean. Defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen, lege aldaketa zela-eta desmartxa hori ez zela beharrezkoa arrazoituz. Goi epaitegiak helegitea ontzat eman zuenez, «argudio tekniko hori gaindituta helduko gara audientziara», erran du Paulus Basurcok.

Denbora faktorearen pisua

Alta, garrantzitsu izanik ere, aurrekari horiek ez dutela auziaren norabidea markatzen ohartarazi du Esnalen abokatuak. «Finean, eztabaida juridikoa behar da eman, eta saio gogorra espero dugu, ezerk ez duelako aditzera ematen fiskalak bere ohiko jarrerari uko eginen diola», laburbildu du preso lapurtarraren abokatuak.

«Elementu berriak baditugu dosierrean, bistan da, baina xehetasunetan sartu gabe, nire ustez, denboraren faktoreak markatuko du saioa», gaineratu du.

Bigarren eskaera bere bidea egiten hasi zenean, 2018an, testuinguru zehatz bat zegoen. Sendotasun handiko epai baten bidez, epaileak «Euskal Herrian azken hamarkadan izan den bilakaera politikoa aintzat harturik» eskaera aintzat eman zuen. Alta, fiskalak Esnal askatzeko prozesua geldiarazi zuen. «Orduan ETAren amaiera ofiziala gertakari berria zela argudiatu ahal izan zuen, baina bost urte igarota inork ahal du serioski defendatu zalantzarik badagoenik bukaera horri buruz?», galdetu du abokatuak.

Urrutira joan gabe, AEBetako agintariek ETA «erakunde terroristen zerrendatik» ezabatuko dutela iragarri dute. Horrekin batera, beste aldaketa batek zaharkituta utzi ditu fiskalaren ohiko argudioak. Komando berekoa zen Frederic Haranburu 2020ko azaroan libre geratu zenean, «ordena publikoa aztoratzeko arriskua» aipatu zuen fiskalak. «Bi urte beranduago bere beldurra deuseztatua izan da», biribildu du abokatuak.

Hortik aurrera «denboraren faktoreak bestelako pisua hartuko du auzi honetan, guretzat erabakigarria den pisua», laburbildu du Paulus Basurcok.

71 urte, 32 giltzapean

Batetik, presoak adinean aurrera egin du: Jakes Esnalek 71 urte bete zituen iragan abenduaren 18an. Bestetik, kartzelaldiaren 32. urtean sartuta dagoenez, «zalantza izpirik gabe onartu behar da espainiar Estatuan eginiko ekintzengatik zigortua izan zen presoa espainiar Estatuan izan balitz jada kalean egongo litzatekeela».

Oroitarazi duenez, “Argala komando”-ko kidetzat hartu zuten Unai Parotek duela hiru urte amaitu zuen bere zigorra. Espetxean jarraitzen du, baina ez jatorrizko sententziagatik, baizik eta zigor berria gehitu ziotelako. Are gehiago, Esnali egotzitako ekintzagatik kartzelan sartu zituzten ETAko beste hainbat kide ohi kartzela zigor luzeak bete ondoren etxean dira dagoeneko.

«Agerikoa da oso bestelako eremuetan aktore ezberdinen aldetik aldaketak izan direla, baita hain sentibera den biktimen eremuan ere, non ahots eta mezu ezberdinak entzuten ditugun gaur egun», baloratu du Paulus Basurcok.

Arrazoi guztiongatik, Jakes Esnalen defentsak neurtutako esperantza agertu zuen auziaren bezperan. «Agian pentsatu nahi dudalako Justizia ezin dela egoera-aldaketa aitortzen duen azkena izan», erran zuen.