GARA
PILOTA

«Material polita» Promozio Txapelketako finalera begira jartzeko

Zorionez, Promozio Txapelketak etzi Labriten jokatuko duen finala ez da bertan behera geratuko. Hori dirudi, Alberdik eta Salaberriak atzo materiala aukeratu ostean. Badaezpada, hala ere, zapatua noiz iritsiko zain egongo dira denak, Labriten Jon Alberdi eta Iker Salaberriak buruz buruko txapel honen bila azken partida joka dezaten.

Material aukeraketan, arazorik ez. Azpeitiarrak 104,6 eta 104,4 gramoko bi pilota hautatu zituen –nahiz eta pisua ez den hain garrantzitsua materiala zehazteko orduan–. Salaberria Goizuetako pilotariak, bere aldetik, 105,9 eta 105,4 gramoko pilota astunxeagoak apartatu zituen.

«Material polita da finala jokatzeko. Aukeratu ditudan pilotak pixka bat bizixeagoak dira eta bereak –Ikerrenak–, baxuxeagoak», egin zuen iruzkin Alberdi I.ak.

Askok nahiago dute Buruz Buruko finala aldez aurretik jokatu gabeko partida izatea. Baina ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten Alberdik eta Salaberriak, eta gipuzkoarra 22-16 nagusitu zen. Hori bai, Salaberria 9-15 aurretik joan eta gero.

«Aurretik Ikerrekin jokatu nuen partida oso gogorra izan zen eta finala ere gogorra izango da», onartu zuen azpeitiarrak.

«Tantoa egiteko aukera dudanean aurrean bukatzen saiatu beharko dut, baina eskuinez nik ere aukerak baliatu beharko ditut atzean. Horrez gainera, xehetasun txikietan egongo da finala; horietan asmatzen duenak eramango du», nabarmendu zuen Goizuetakoak.