GARA
Mexiko hiria

Mexikon 100.000 pertsona baino gehiago desagertu dira 1964tik

100.000 pertsona baino gehiago desagertu dira Mexikon 1964tik, Gobernuak emandako datu ofizialen arabera. Horren aurrean, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak «tristura handia» agertu du eta «aurrerapausoak» eskatu dizkio herrialdeari.

1964tik Mexikon 100.000 pertsona baino gehiago desagertu direla iragarri du bertako Gobernuak. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, zigorgabetasunaren aurkako neurrietan «aurrerapausoak» eskatu zizkion Andres Manuel Lopez Obradorren Gobernuari eta desagertutakoen familiekiko «tristura» adierazi zuen.

Guterresek, gainera, «elkartasun sakona» helarazi zien biktimen familiei, «maite dituztenekin bildu nahi dutelako, modu nekaezinean bilatzen dituztelako, eta egia, justizia eta horrelakorik berriro ez gertatzea bermatzeko borrokan jarraitzen dutelako», esan zuenez bere bozeramaile Stéphane Dujarricek.

Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak agintariei eskatu zien, asteartean, ahalegina areagotzeko desagertuen kopuruak gora egin ez dezan, eta, besteak beste, horrelako kasuen aurrean oraindik ere dagoen zigorgabetasun «izugarria» deitoratu zuen.

Desagertze-kasu horietatik soilik 35 amaitu dira zigor epai batekin. NBEk ikerketa eraginkorrik ez izateari egotzi dio hori. Bacheleten arabera, zigorgabetasunak «familiak bakarrik uzten ditu», eta gertatutakoa argitzen saiatzeko ahalegina egin behar da.

Mexikoko agintariek astelehenean jakinarazi zutenez, 1964tik hona 100.012 pertsona desagertu dira eta ez dituzte aurkitu. Datuak Gobernazio Idazkaritzaren mendeko Bilaketa Batzorde Nazionalak (Segob) emandako erregistro ofizialak dira.

Zehazki, 1964ko martxoaren 15etik aurtengo maiatzaren 16ra arte bildutako datuak dira. Tarte horretan, 2006. urtean desagertu ziren pertsona gehien. Izan ere, urte horretan Felipe Calderon presidente ohiak «antolatutako krimenaren aurkako gerra» deklaratu zuen eta, delinkuentziari aurre egiteko, Indar Armatuak zabaldu zituen.

Segob-ek egindako balantzetik harago, uste da desagertuen benetako kopurua handiagoa dela. Izan ere, familia askok ez dituzte senideen desagerpenak salatzen, Mexikoko agintarien arabera. Horrela, apirilean, Nazio Batuen Erakundearen Nahitaezko Desagertzeen Aurkako Batzordeak Mexikoko Gobernuari neurriak «berehala» har ditzan eskatu zion, zigorgabetasuna amai dadin.