Zornotzako Ituna: ahanzturatik gaurkotasunaren bila
1872ko maiatzaren 24an, Bigarren Gerra Karlista amaitzeko asmoz, karlisten eta liberalen ordezkariek bake ituna sinatu zuten Zornotzan. Alferrik, «Zornotzako Ituna» bezala ezagutu zena paper errea izan zelako hastapenetik. Orain, 150. urteurrena beteko denean, Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako «Bake lehorra» antzezlanak gertaera historiko hura ahanzturatik atera eta gaur egungo begiradapean jarri du aztergai.

Duela 150 urte, Zornotzako Belaustegigoitia etxea, gaur egungo Konbenio hotela, Bigarren Gerra Karlista geldiarazteko ahalegin huts baten lekuko izan zen. Liberalen aldetik, Francisco Serrano jeneralak sinatu zuen; karlisten aldetik, Bizkaiko Diputazioko bi ordezkarik. Gertaerak metafora moduan funtziona lezake, munduko hainbat toki eta garaitan bakea lortu nahian zapuztu diren ahaleginak irudikatzeko.
Duela 150 urte sinatutako paper hark ez zuen ezertarako balio izan, ez karlistek ez liberalek ez zutelako Zornotzako Ituna onartu. Eta gerra odoltsuak aurrera jarraitu zuen... Eta hainbaten artean, seguruenik, bakearen esperantza piztu zuen ekimen hura ia-ia ahanzturan gelditu zen.
Zornotzako antzokiaren eta Belaustegigoita etxearen artean dagoen eskultura batek –mahai bat eta bi eserleku– gertaera hura dakar gogora. Bizkaiko herri honetan, itunaren 150. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dira maiatzean: erakusketa bat –karlisten eta liberalen jantziak eta mugimenduak ikus daitezke bertan–, zinema eta hitzaldi ziklo bat eta, garrantzitsuena, “Bake lehorra” (“La paz estéril” gaztelaniazko bertsioan) antzezlanaren estreinaldia.
Zornotzako aretoan maiatzaren 21ean gaztelaniaz eta 23an euskaraz estreinatuko da. Lehen eszenan, taularen gainean bi aktore, Mikel Losada eta Aitor Fernandino, XIX. mendetik gure herriak ezagutu dituen gerretako jantziez inguratuta: karlistak, liberalak, gudariak... Lehen eszena horretan, kazetarien txalekoak eta kaskoak daramatzate: «Esango nuke denbora luzeagoa eman dugula gerran bakean baino; esango nuke bake bakoitza gerra zibil baten ataria baino ez dela», diote.
Heredatu ditugun zauriak
«Etorri zitzaidanean proposamena, muzin bat egin nuen, ez nuelako ezagutzen ezer gertakari hartaz. Bergarako Akordioari buruz bai, baina Amorebietako Itunari buruz ezer ere ez, jende askori gertatuko zaion bezala», aitortu zuen atzo Patxo Telleria aktore eta dramaturgoak.
Testuaren egilea eta zuzendaria da Telleria; jantziak, Nati Ortiz de Zaraterenak, eta ekoizpena, Zornotzako Udalarena eta Tartean konpainiarena. “Bake lehorra” Bizkaiko herri honetako Udalaren enkargua da-eta.
«Berehala konturatu nintzen oso mamitsua zela, oso gai unibertsala jorratzen zuelako. Finean, Ituna aitzakia bat da, Euskal Herrian gaur egun bizi ditugun arazoak eta gertaera asko ulertzeko. Horretarako historiara jo behar da eta, hain zuzen ere, XIX. mendea oso eraginkorra izan zen nortasunen sorrerak eta gaur egun handik heredatu ditugun arazoak ulertu ahal izateko», gehitu zuen Telleriak.
Gerra karlisten bukaeratik 36ko gerrara dagoen tartea, esaterako, 60 urte eskasekoa izan zen. Gerra giroan bizi izan gara, XIX. mendetik luzatu den gatazkan; XXI.ean hor dirau. «Gerren ondoren, negoziazioak, irainak eta gerra berriak pizten dituzten hondarren garaia da», dio antzezlan honen testuak.
Gaur egungo gerrak
«Aldi berean, gerra eta bakeen arteko oreka ahulaz hitz egin nahi nuen –Patxo Telleriaren hitzetan–. Hau garatzen ari nintzenean bat batean Ukrainako gerra hasi zen, eta halako batean konturatu nintzen obra honek hartzen zuela beste dimentsio bat ere. Oso erraz irakurtzen da antzezlan honetan, bake akordioak saiatzeari buruz hitz egiten denean, ezinbestekoa dela gaur egun bizi dugun gerrara jotzea. Beraz, hiru dimentsio horiek hartzen ditu antzezlanak: gertaera bera –neurri batean anekdotikoa dena –, XIX. mendeko euskaldunen arteko gatazkak eta gaur egun oraindik pizturik daudenak, eta gerra eta bakea».
Osagai gutxi behar ditu “Bake lehorra” antzezlanak: testu bat eta bi aktore. Taularen gainean antzezten den istorioa zirkularra da, bidaia baten antzera, aldi berean gertatzen diren lau egoera kontatuz. Lehenik, ituna bera, bere protagonistekin. Bigarrenik, atearen bestaldean, bi zaindariren arteko eztabaida; bata Bilboko sarjentu liberala da eta bestea, Gernika aldeko alfereza . Hirugarrenik, Morgako kanpamentuan, karlistak mikelete bat fusilatzear daudenean, hori geldiarazteko agindua jasotzen dute, Zornotzan agintariak hitz egiten ari direlako. Eta azkenik, Oñatiko kanposantuan bi nekazari gerrak hildako ume batengatik negar egiten ari dira.
«Lau eszena horietan oso piramide sozial garbia islatzen da: zenbat eta ardura handiagoa izan, zenbat eta boteretsuagoa izan, orduan eta txikiagoa, sufrimendua; zenbat eta ardura gutxiago, orduan eta sufrimendu handiagoa», Patxo Telleriaren hitzetan. Hori da gerren gakoa.
“Bake lehorra” emanaldi bikoitz hauetatik baino harago luzatu nahi du bere bizitza oholtza gainean, egindako ahaleginak horretara bultzatuta.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
