GARA
BAIONA

Auzitara jo du Seaskak, azterketak euskaraz egin ahal izan daitezen

2019an izenpeturiko akordioaren arabera, murgiltze ereduan jarduten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa probaren zati bat euskaraz egin dezakete. Bordeleko Hezkuntza errektoreak hitzarmenaren berrirakurketa egin ondoren, kolokan da eskubidea. Egoera horretan, Paueko epaitegiak ebatziko du auzia maiatzaren 23an.

Joan den maiatzaren 8an eginiko Herri Urratsen karietara, «jauzia emateko asmoa» iragarri zuten Seaskako ordezkariek. Frantses Hezkuntza Ministerioarekin 2019an adosturiko hitzarmena ez da bete eta zalantza handiarekin eginen diete aurre, aurten ere, Ipar Euskal Herriko ikasleek brebeta eta baxoa azterketei.

Desobedientzia ekimenak martxan jartzeko asmoa aurreratu zuen Peio Jorajuriak Senpereko aintziraren inguruan ospaturiko bestan.

Era berean, eremu judizialean jokatzea ez zutela baztertzen ohartarazi zuen Seaskako lehendakariak, ikastolen ospakizunera bertaratu ziren hainbat erakundetako ordezkarien aurrean. «Orain arte Seaskak baliatu ez duen bidea hautu behar izan dugu», baieztatu zuen atzo eguerdian Peio Jorajuriak Baionako auzitegiaren atarian eginiko agerraldian.

Hain zuzen, azken asteetan Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektorearekin izan dituzten bilerek emaitzarik eman ez ostean erabaki dute Seaskako ordezkariek administrazio auzitegian helegitea ezartzea. Presazko afera izanik, heldu den astelehenerako finkatua izan da auzia, Paueko administrazio epaitegian.

Baxoko ahozko handia

Seaskak eta tokiko hainbat erakundek Hezkuntza Ministerioarekin izenpeturiko akordioak jasotzen zuen zehazki baxoko Ahozko Handia probaren zati bat euskaraz egiteko eskubidea. Alta, Michel Blanquer buru izan duen Hezkuntza Ministerioak ez du akordioa bete, nahiz eta Estatua hitzarmen hori babestu zuen Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) partaide izan.

Blanquerrek bultzaturiko baxoaren azken erreforma aitzakia hartuta, Errektoretzak trikimailua atzeman du, baxoko Ahozko Handia euskaraz egitea oztopatzeko. Hain zuzen, ikasleek hainbat espezialitateren artean hautatu behar dute, jakinik gainera denek ez dutela garrantzia bera nota orokorrari begira. Hartara, errektoreak proposatu du Euskara espezialitate gisara hautatu duten ikasleek baizik ez egitea baxoko atal bat euskaraz. Jorajuriak emandako datuen arabera, 100 ikasleetatik dozena batek baizik ez luke izanen aurten azterketa euskaraz egiteko aukera, irizpide horren baitan.

Duela gutxi arte brebeta azterketa osorik egiteko aukera zuten ikasleek, eta baxoari dagokionez, baita proba idatzi bi ere. «Gibelatze handia» izan dela salatu zuen atzo Jorajuriak.

Hori dela eta, ekain amaieran iraganen den baxoko Ahozko Handia euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko xedez, epaitegira jo du Seaskak.

«Euskara Aurrera» martxa «zabala» izateko deia

Ehunka herritarrek eta euskalgintzako zein beste esparru batzuetako dozenaka gizarte-eragilek bat egin dute “Euskara Aurrera” lelopean heldu den larunbatean egingo den nazio-manifestazioarekin.

17.30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko den mobilizazioa «denona da, denontzako, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona: euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena... azken batean euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten guzti-guztiena», azaldu dute antolatzaileek ohar batean, eta horiei guztiei Donostiako kaleak betetzeko gonbita egin diete.

Manifestazioa zabala eta askotarikoa izatea nahi dute. Horregatik, parte hartuko duten herritar eta norbanakoei dei egin diete euskararen aldarriak eramateko, nahierara. «Aurrera egin behar dugu euskaraz bizi nahia egingarri egiteko, euskaldun gisa bizi ahal izateko, Euskal Herri euskalduna izateko», adierazi dute martxaren antolatzaileek. GARA