Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

GBCk eta Iraurgik beren helburuak betetzeko azken aukera dute gaur

Urrezko LEB Ligak gaur gauean du Fase Erregularreko azken jardunaldia. Neurketa guztiak 21.00etan hasiko dira eta Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Iraurgik, biek, aukerak dituzte denboraldi hasieran jarritako helburuak betetzen joateko. Hori bai, nahitaez irabazi beharko dute biek ala biek, eta donostiarren kasuan, hori ere ez da nahikoa izango.

LEB Ligako emaitzek erabaki dute datorren urtean Granadak ACB Ligan jokatuko duela, Fase Erregularreko aurrenekoa play-offik jokatu gabe mailaz igotzen baita. Hala, kanporaketetan, sailkapenean bigarren eta bederatzigarren postuen artean aritu beharko dira. Uneotan Gipuzkoa Basket hamaikagarrena da, 16-17 balantzearekin, bederatzigarrena den TAU Castellorengandik garaipen bakarrera. Hain zuzen, Castellon jokatu behar dute Lolo Encinasen gizonek, eta derrigor irabazi behar dute.

Alabaina, uneotan hamargarren postuan dagoen Valladolidek ere galdu egin beharko du, Lolo Encinasen gizonak ACB Ligara igotzeko kanporaketetara sailkatuko badira. Puzelako taldeak matematikoki maila galduta duen Palmaren aurka galdu beharko du. Lan txarrak, zalantzarik gabe, baina aukerarik den artean, ezin da etsi.

«Guretzat hauxe da play-offetako partida. Besteek zer egin dezaketen begiratu gabe, garaipena bermatu behar dugu», adierazi zuen Lolo Encinas entrenatzaileak atzo.

«Partida amaitu arte telefonoari jaramonik ez egiteko esan diet jokalariei. Castellok postua hobetu nahi du sailkapenean eta hargatik guztiz kontzentratuta egon beharko dugu», azpimarratu zuen.

Azken neurketetan, ederki

Juaristi ISBk ez du karanbolarik behar mailari eusteko, baldin eta Palentziari Azpeitian irabaziz gero.

Ez da ahaztu behar Palentziak 20 garaipen pilatu dituela; hots, play-offetarako lekua ziurtatu duela, nahiz eta final-laurdenetako kantxa faktorea bermatzeko garaipena ongi letorkiokeen.

Alabaina, azpeitiarrek azken lau jardunaldietatik hiru irabazi dituzte, tartean duela bi aste Gipuzkoa Basketi Azpeitian 77-68 irabazi zioten gipuzkoarren arteko derbia.

«Azkenengo jardunaldian final bat jokatu eta irabazteko aukera irabazi dugu», adierazi zuen Iñaki Jimenez entrenatzaileak atzo.

Iraurgik galduko balu, oraindik ere azken aukera bat izango luke. Pratek partida galduko balu, talde azpeitiarrak mailari eutsiko lioke. Hori bai, esperantza faltsurik izatea ez da komeni, Huescak aspaldi galdu baitzuen maila.