GARA
IRUÑEA

Nafar Gobernuaren zazpi haur eskolek bat egin dute 0-3 Plataformaren grebarekin

Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen zazpi haur-eskolak batu ziren, atzo, 0-3 urte bitarteko eskolen plataformak duela hiru aste hasitako greba mugagabearekin.

Ninia Etxea eskolako Isabel Erdociainek ratioen jaitsiera, «adingabeen ongizatea bermatzeko» behar beste langile, haur eskolen doakotasuna eta lan baldintza «duinak eta berdinak» aldarrikatu zituen, baita haur eskolak kudeatzeko udalen finantzaketa handitzea ere.

Ninia Etxea, Orreagako Nuestra Señora, Nuestra Señora de los Angeles, San Jorge-Sanduzelai, Santa Teresa, Egunsenti (Burlata) eta Niños Jesus (Corella) dira batu diren haur-eskolak. «Gero eta gehiago gara eta ez gara nekatzen; errealitatea da eskola gehiago mobilizatzen ari direla», esan zuen Eider Garde ordezkariak. Nafarroan 103 eskoletatik 77 greba babesten ari direla nabarmendu zuen, eta «horietatik 59 greba eskubidea gauzatzen ari dira».

Gardek esan zuen «eskola batzuetan adierazpen askatasuna mugatzen» ari direla «mobilizazioekin bat egiterik ez izateko». «0-3ko errealitatea da beldur handia dagoela, sektore eta talde gisa funtzionatzea errazten ez duen kudeaketa sistemagatik», adierazi zuen. Asteazkenean Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin izandako bilerari buruz, 0-3 Platafomak bere aldarrikapenak helarazi zituela adierazi zuen, «baina eragile aktiboa izan nahi dugu negoziazio mahai batean».

«Loteslea ez den organo honetara gonbidatuak izatea lortu dugu», azaldu zuen Gardek, eta beren proposamena baloratuko dutela eta datorren astean erantzungo dutela zehaztu zuen.

«Erantzunaz gain, kontraproposamena egitea espero dugu, errealitatea baita hiru aste daramatzagula greban; hau aurrera doa eta gero eta eskola gehiago batzen ari dira», adierazi zuen plataformako ordezkariak.