Jaime Leon (EFE)
TEHERaN

Ogiaren prezioa garestitzeak kaleak aztoratu ditu berriro ere Iranen

Duela hiru urte gasolina izan zen. 2021ean, lehorteak eragin zuen ur falta. Oraingoan, ogiaren eta beste oinarrizko jakien prezio igoerak atera du jendea kalera berriro ere, Irango agintarien kontra. Azken egunetan Teherango autobus gidariek bat egin dute protestekin.

Joan den asteburutik hona protestak ugaritzen ari dira Irango hiri askotan. Jendeak okindegien eta kasu batzuetan meskiten kontra ere jo du.

Manifestariek, Ali Jamenei aiatola eta Irango erregimeneko agintari gorenaren eta Ebrahim Raisi presidentearen aurkako leloekin, ogiaren, arrozaren edota olioaren prezioaren gorakada izugarria salatzen dute.

Dirulaguntzak bertan behera

Gobernuak produktu horiek erosi ahal izateko dirulaguntzak etetea erabaki zuen apirilaren bukaeran eta ordutik hona prezioa hirukoiztu egin da.

Irandar arrunten ekonomiaren aurkako azkeneko erasoa da. Inflazioa %40koa da eta Ameriketako Estatu Batuen zigor ekonomikoei azken bi urteko pandemiaren kalteak gehitu zaizkie.

«Errazagoa da zer ez den garestitu esatea», azaldu du Sasanek, Teheran hiri erdian dagoen kafetegi bateko arduradunak. 33 urte ditu eta gurasoekin bizi da oraindik. Haien etxearen alokairua %143 igo zen duela aste batzuk.

Bere negozioan ere egoera ez da samurra. Aurreko hilean, inguruko bulegariak erakartzen dituzten kafe eta croissanten prezioa %15 igo behar izan zuen. Ondorioz, salmentek %20 egin dute behera dira eta zortzi langile ditu bere ardurapean.

Irinaren eta esnekien dirulaguntzak amaitu ostean, prezioak beste %15 igo beharko ditu eta kexu da negozioak ez duelako jasango.

Liskarrak okindegian

Handik gertu, okindegi baten atarian, gizon batek egoeragatik aztoratuta dagoela onartu du. «Gauez ez dut lorik egiten, nerbioek jota. Hilero 60.000.000 rial irabazten ditut (240 dolar) eta bi seme ditut», kontatu du banaketa konpainia batean lan egiten duen mezulariak.

Presidenteak txiroenek datozen bi hilabeteetan 4.000.000 rialeko (16 dolar) dirulaguntza jasoko dutela iragarri du. «Sos horiekin ez goaz inora», gaineratu du banaketa-langileak.

Okindegiaren jabeak adierazi duenez, egoera hori dela-eta liskarrak piztu izan dira bezeroen artean. «Jendeak ez du dirurik eta larri dago. Azkenean errua guri botatzen digute».

Irinagatik bost aldiz gehiago ordaintzen hasi direla-eta prezioak igo beharko dituela esan du. Ziur dago, hala ere, okerrena iristear dagoela. «Gauzek horrela jarraitzen badute, nik ere bat egingo dut protestekin», ohartarazi du.

Urteetako haserrea

Matxinada joan den ostiralean hasi zen eta momentuz ehunka pertsona baino ez dira kalera ateratzen.

Berdin gertatu zen, hala ere, aurreko urteetako protestetan.

2019an erregaien garestitzeak atera zuen jendea kalera eta matxinada handitzen joan zen, eta kutsu politikoa hartu zuen. Gobernuak errepresioaren erabileragatik hildakoak onartu zituen orduan, 300dik gora Amnesty Internationalek salatu zuenaren arabera. Atxilotutakoak milaka izan ziren.

2020 eta 2021ean, ur faltak liskarrak eragin zituen hainbat hiritan eta Islamiar Errepublikaren aurkako mezuak zabaldu ziren.

Egungo protestetan oraingoz bi hildako izan direla onartu dute, basij miliziako kide bat eta manifestari bat.

«Nik ez dakit zein den irtenbidea. Dakidan bakarra da gure bizitza gero eta gogorragoa dela», amaitu du Sasanek.