GARA
BILBO

EITBn 356 lanpostu egonkortzeko akordioa lortu duela iragarri du ELAk

EITBn 356 lanpostu egonkortzeko akordioa lortu duela iragarri zuen atzo ELA sindikatuak. Erakundearen esparru desberdinetako itunek (ETB, irratiak, Net) behin-behinekotasuna %42tik %15era murriztu dute, baina %8ra jaisteko helburuari eutsiko diola jakinarazi zuen Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak.

Euskal Irrati-Telebistan enplegua egonkortzeko akordiorik «handiena» lortu duela jakinarazi zuen atzo ELAk. Hedabide publikoan nagusi den sindikatuak adierazi zuen urteak daramatzala EITBko enpleguaren egoera dramatikoa salatzen: Urte honen hasieran behin-behinekotasuna %42koa zen, adibidez. Datu horrek agerian uzten zuen pribatizazioaren eta zuzendaritzaren enplegu prekarioaren aldeko apustu garbia», salatu zuen.

Akordioa mobilizazio ugari eta hainbat batzarren ostean etorri dela azaldu zuen prentsara bidalitako oharrean. Azkenean, 356 lanpostu finkatzea lortu dute. Esparruka, 193 plaza finkatuko dira telebistan; 106, irratian; 21, erakundean, eta 36, EITB-Net-en.

Gauzatu duten negoziazioaren ondorioz, behin-behinekotasuna %42tik %15era murriztuko dela nabarmendu zuen sindikatuak, baina oraindik bidea egiteko dagoela eta horretan jarraituko duela adierazi zuen.

Aurrera begira, hurrengo urratsa, plazak adostu ondoren, prozesua zehaztea izango dela azaldu zuen ELAk, bere helburua EITBn denbora gehien daramaten langileen lanpostua bermatzea izango dela gaineratuz. Bestalde, behin-behinekotasuna %8ra murrizteko lanean segituko duela iragarri zuen Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak.

Horretaz gain, kanporatutako zerbitzu batzuk internalizatzearen alde borroka egingo duela baieztatu zuen ELAk, «betiere pertsona horien lanpostua bermatuz».