Oihane LARRETXEA

«HIRUGARRENA ORDUAN», ABORTUA HAURREI AZALTZEKO IPUIN ILUSTRATUA

Bizitzaren parte diren zenbait gertaera haurrei nola azaldu ez dakigunean sarri literaturan topatzen dugu laguntza. «Hirugarrena orduan» (Denonartean) abortuari naturaltasuna eta argia ekartzera dator, gertu dugun errealitatea izan arren, tabua delako.

Ez da auzi erraza, eta akaso horregatik da beharrezkoa. Nola azaldu seme edo alabari bidean zetorren haurra ez dela jaioko? Nola uler dezake ume batek batzuetan bizitza munduratu aurretik eten daitekeela? Eguneroko bizitzan haur literatura behar-beharrezkoa da txikiei mundua ulertarazten saiatzeko, errealitatea konplexua eta askotarikoa dela ikusarazteko. Asmo horretan, pixkanaka ari dira deserosoak diren gaiak txertatzen, eta gaur egun, adibidez, haurrei heriotza azaltzeko hamaika ipuin daude. Ez da erraza, ordea, abortua azaltzen duen lan bat topatzea. Gauzak horrela, Maitane Unanue eta Mirari Alkorta egileak, Mimatuz kolektiboa, hutsune bat betetzera datoz. “Hirugarrena orduan” ipuin sistemikoa idatzi dute Denonartean argitaletxearen eskutik, eta istorioa Xabi Etxaniz Ulaziaren ilustrazioekin biribildu dute.

Bizipen pertsonaletan oinarrituta idatzi dute, eta gaia haur literaturara eramateko zalantzarik ez dute egin. Desio dute beste familia batzuei zein Haur Hezkuntzan ari diren irakasleei baliagarri gertatzea.

Unanuek berak azaldu duenez, kontaketa metaforarik gabekoa da, oso errealista da eta argi eta garbi azaltzen du zer den abortu natural bat. «Gaia azaleratu nahi genuen, behar duen lekua eman eta, aldi berean, loratu ez diren hazitxoei espazio bat eskaini. Jaio ez diren horiei beren lekua eskaintzeak badu garrantzia, eta nolabait eskertza ere badago, askotan horiengatik datozelako hurrengoak. Nik hirugarren haurdunaldian abortua izan nuen, eta hori gertatu ez balitz, agian ez zatekeen nire laugarrena jaioko», hausnartu du egileak.

Abortua «pasa den zerbait» dela onartzeak eta hala transmititzeak duen garrantziaz hitz egiten du. «Ipuin bezala diseinatuta dago, baina bide bat zabaldu nahi dugu, tresna bat izan dadila. Zerbait berezia da abortua, jaiotzera iritsi ez den heriotza bat. Familia batean pisu handia hartzen du horrek, eta anai-arreben artean galderak sortzen dira. Bakoitzak duen lekuaz, zenbatgarrena den bakoitza…», kontatu du izan duen esperientziaren ondotik.

Bost emakumetik batek abortu bat izaten duela diote zifrek eta, hala ere, gaia itzalean dago oraindik. «Zortzigarren astean gerta daiteke, edo zortzigarren hilabetean. Gauza asko daude kontatzeko. Zure eskuetara iritsi aurretik galdu duzun zerbait da, baina zure sabelean egon da eta ama bezala sentitu duzu, eta idatzi du istorio bat zure baitan eta zure familiaren baitan. Horrek guztiak sortzen ditu ametsak eta asmoak, eta bukatu dela esaten dizutenean… uf», hausnartu du.

Bizitzari itxaropenez begiratu

“Hirugarrena orduan” ipuinak ama, aita eta Maddi alaba aurkezten dizkigu. Ekografia batekin heltzen da albistea: Izarren bihotzak ez du «danbor hotsik egiten». Maddik bost urte ditu eta ez du ezer ulertzen. Triste dago, munduarekin haserre. Etxe ondoko tontorrera igo dira, eta agur eskutitz bat idatzi diote, lore zuri batekin.

Egileen aburuz, «agurtu ahal izateak sekulako garrantzia dauka». Senide bat edo lagun bat galtzen dugunean, fisikoki alboan izan dugunez eta bizipenak partekatu direnez, «errazagoa» da. «Hau zaila da, baina uste dut zor diegula agur eder bat datorrena ere hobeto hartzeko».

Pedagogia sistemikoaren gaineko masterrean gako asko bereganatu zituzten lana ondu ahal izateko, lanerako tresna bat ere izan dadin. Besteak beste, irudiek pisu berezia dute. Xabi Etxanizek teknika digitalarekin egin ditu testuraz beteriko ilustrazioak, eta kolore apalak eta lerro finak baliatu ditu. Sinpletasunetik lortu du emozioak komunikatzea. Tristura, galeraren minak eta pozak. Zeren ipuina ez da ez drama, ez tragedia bat, bizitza naturaltasunez transmititu nahi baitu, eta etorkizunari itxaropenez begiratu.