Tortura ez du inork ezbaian jartzen, baina ikerketak itxaron egin beharko du
Nafarroako Torturatuen Sareko Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga Iruñeko Parlamentuan izan ziren, beren elkartea aurkeztu, 822 torturatu eta 990 tortura kasu dituen errolda mahai gainean jarri eta alderdi politikoei iker dadila eskatzeko. Tortura ez zuen inork ukatu eta hori eskertu zuen sareak, baina ikerketak itxaron egin beharko du.

Nafarroako Parlamentuko alderdiek torturaren gaia izan zuten ostiral honetan Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean. Guztiek onartu zuten espainiar Estatuan tortura erabili dela, baina gertatutakoari zein erantzun eman behar zaion eztabaidatzean iritsi ziren desadostasunak.
«Une zaila da, zaila. Ez gara diskurtso politikoaz ari. Gure azalean tortura modu basatian jasan dugun pertsonak gara», hasi zen Jorge Txokarro iruindarra Nafarroako Parlamentuan. Txokarro eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak bertan izan ziren, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak gonbidatuta.
Hiru alderdi horien babesa jaso zuten ikerketa ofiziala eskatzean; PSN erdibidean geratu zen eta Navarra Sumak hamarkada luzeetan tortura kasu horiek ukatu dituzten epaileen lana dela defendatu zuen, ardura politikoari muzin eginez.
Lau egunez torturatu zuten Txokarro, 1996an, Moratalazen eta Iruñeko komisarian eta, 2002an, Tres Cantosen. Gorostiaga ere lau egunez inkomunikatu eta torturatu zuten, 2002an, Tres Cantosen.
«Zaila da gai honetaz hitz egitea. Bai gure familiarekin bai honelako leku batean. Egia aitortzeko bide honetan ahotsa izan nahi dugu. Hamarkada askoan jasan behar izan dugun zigorgabetasuna amaitzea. Bai inkomunikazioan, bai ondorengo isiltasunean», jarraitu zuen Txokarrok.
Tortura pairatu duten nafarren erregistroa egiten ari direla esan zuen, orain arte giltzapetuta mantendu diren hainbat kasu azaleratuz, eta une honetan 822 pertsona torturatu eta 990 tortura kasu egiaztatu dituzte herrialdean. «Sufrimendua ezin da ahanzturan erori. Sufrimendu hori legitimatu egingo dugu».
Halaber, pairatutako tortura horretaz orain arte inoiz hitz egin ez duten pertsonak topatu dituztela adierazi zuten. «Torturatuak barrua askatzen ari dira, eta horrek geroko babes psikologikoa eskatzen du».
Gogora ekarri zituzten Antonio Goñiren eta Mikel Zabalzaren heriotzak, Igor Porturen kasua eta beste lau nafarren tortura salaketak ez ikertzeagatik espainiar Estatuak Europatik jaso dituen zigorrak. «Horrek errealitate hori ezkutatzeko Estatu egituratu bat dagoela erakusten du. Bost egunez norbait inkomunikatuta egoteko agintzen bada eta egun horiek torturatzeko erabiltzen badira, erantzukizuna dago», gehitu zuen Txokarrok.
Errekonozimendua ordain gisa
Gorostiagak, bestetik, sarearen helburuak plazaratu zituen. «Existitu dela aitortzea guretzat onartzea da. Ez daukagu ezer torturatuak izan garela egiaztatzeko», onartu zuen.
Hala, ariketa bat egiteko eskatu zieten parlamentariei: Guardia Zibilaren kuartelean sartzen den pertsona baten larruan jartzea. «Antifaz bat jartzen dizute, jipoitu eta umiliatu egiten zaituzte. Auzitegiko mediku batek ikusten zaituenean eginarazi dizkizuten sentadilla guztien minetik oihu egiten duzu, eta esaten dizu aurpegian daukazuna legez kanpokoa dela, baina ez du ezer egiten. Epailearengana joan eta beste norabait begiratzen du. Eta zuzenean kartzelara eramaten zaitu, oihuek jarraitzen duten lekura. Eta isolamenduan sartzen zaituzte. Proba medikoak eskatzen dituzu jaso dituzun kolpeak jaso dituzula frogatzeko. Baina inoiz ez da iristen. Horregatik eskatzen dugu errekonozimendua eta erreparazioa. Ez mendekuzko ordaina. Errekonozimendu hori gure ordaina litzateke».
Geroa Baiko Uxue Barkosek, testigantza eskertzearekin batera, «giza eskubideen edozein urraketa desagerraraztea» eskatu zuen. Lehendakari ohiak partekatutako ikerketaren alde egin zuen, «egia, errekonozimendua eta erreparazioa» lortzeko, baina aurretik «bide luzea» dagoela onartu zuen.
Bestetik, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak elkartea sortzea bera txalotu zuen. «Feminismoak beti dio izendatzen ez dena ez dela existitzen. Elkartea sortzea bera, tresna garrantzitsua da, izendatzea». Hori dela-eta, koalizio subiranistako kideak ikerketa independente baten eskariarekin bat egin zuen eta EAEn egindakoa ekarri zuen gogora, zeinean 4.000 kasu baino gehiago egiaztatu ziren. «Nafarroa ez da irla bat. Urratsak behar dira. Eta ez errepikatzeko bermeak».
Izquierda-Ezkerrak ere «zer gertatu den jakitea» ezinbestekotzat jo zuen, Marisa de Simon parlamentariaren ahotik. «Argi dago tortura benetakoa izan dela. Gertatu da. Isiltasuna, ezkutaketa eta justifikazioa egon dira. Biktimak biktimak dira, edonondik datozela ere. Ez dago tortura justifikatzen duen ezer. Estatuko indar polizialen aldetik gertatzen denean, horrek zer gertatu den jakitea eskatzen du», nabarmendu zuen, eta dokumentuen desklasifikazioak horretan lagun dezakeela. «Ez dakigu zer dagoen, baina egongo balitz, dokumentuak desklasifikatzeak ere balioko luke honetarako. Historia berreskuratu behar da».
Nafarroako Ahal Duguko kide Ainhoa Aznarezek elkartea sortu izana eskertu zuen eta gaia «gehiago sozializatu» behar dela azpimarratu.
Epaileen esku
Navarra Suma alderdiak, aldiz, «zuzenbide estatu batean, torturak eta tratu txarrak delitu larriak» direla adierazi zuen eta hitzak ez direla nahikoa nabarmendu zuen Iñaki Iriartek. Hala ere, ikerketa independente bat alboratu eta «horretarako Justizia» dagoela defendatu zuen. «Haiek tratatu behar dute zer gertatu den eta nor den arduraduna. Kondenak izan direnean, lotsagarria iruditzen zaigu. Ez ikertzeagatik kondena puntualak izan direnean, lotsa sentitu dugu, baina epaileen profesionaltasunaz fidatzen gara eta ez zaigu sistema hoberik bururatzen». Modu horretan, argi utzi zuen Navarra Sumak ez duela EAEn egin dena bezalako ikerketarik babestuko.
Ez zen hortik gehiegi aldendu gaur egun nafar Gobernuan agintean den PSN ere. «Nahiz eta askotan ez dugun bat egiten gauzak nola kontatzen diren, giza eskubideen urraketak gertatu dira, eta badakigu Espainiako Estatuan gertatu direla», esan zien Inmaculada Juriok Txokarro eta Gorostiagari. «Pertsona bati egozten zaion delitua oso larria izan arren, ez dago pertsona horren eskubideen urraketa justifikatzen duen ezer. Aitorpen eta erreparazio horretan aurrera egiten ari garela uste dugu. Gobernu hau aurrera doa zentzu horretan». Beste guztiek bezala, torturaren existentzia bera onartu zuten alderdi guztiek, baina gaia urrutitik begiratuta, ez zuen ikerketaren aldeko urratsik iragarri.
Saioaren amaieran, Txokarrok, GARAri egindako adierazpenetan, alderdi politiko guztiek salbuespenik gabe erakutsitako «tonu ona» nabarmendu zuen, horrek aitorpen horren aldeko «urratsak egiten jarraitzeko» balioko duela iritzita. Era berean, pozik agertu zen tortura salaketekin luzaroan lotuta egon diren hainbat totem eraitsi direla-eta.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
