Maider IANTZI GOIENETXE
EUSKARA AURRERA

BADA TAUPADA EUSKALTZALE BERRI BAT

BADATOR EUSKARAREN ALDEKO HERRI BULTZADA BERRIA», IRAGARRI ZUTEN ATZO DONOSTIAN BILDU ZIREN MILAKA EUSKALTZALEEK. MANIFESTAZIO ANITZA IZAN ZEN, ALAIA ETA KOLORETSUA, ETA GAZTEAK IZAN ZITUEN MOTOR GARRANTZITSU. EUSKARAREN LURRALDE OSOAN GUZTION ESKUBIDEAK ONARTZEA JUSTIZIA KONTUA DELA ALDARRIKATU ZUTEN.

«Geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu, aurrera goaz», erran zuten tinko. Milaka eta milaka euskaltzale bildu ziren Gipuzkoako hiriburuan. Hala aurkeztu zuten euren burua: «Mauletik hasi, eta Karrantzaraino. Cortestik jarraitu, eta Oioneraino; Irundik Iruñeraino; euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara. Egun euskaraz bizi garen herritarrak, eta baita egun euskaraz bizi ez arren, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugunak ere».

17.30ean Antiguako tuneletik abiatu ziren, Mirakontxa pasealekua, San Martin kalea, Foru pasealekua eta Argentinako Errepublikaren pasealekua taupada euskaltzalez betetzeko. Pultsua indartsu, berritua sumatzen zen, eta mezu bat zabaldu zuen nagusiki: «Aktibatu eta antolatu gaitezen euskararen alde eta euskaldunon eskubideen alde!».

«Ondo gauden uste faltsua»

«Euskara aurrera!» oihu eta txalo artean abiatu zen manifestazioa, deitzaileen aniztasuna erakusten zuten hainbat lagun pankartari eusten zirela, Lorea Agirre “Jakin” aldizkariko zuzendaria, Aize Otaño AEK-ko kidea eta Omar Diop senegaldar jatorriko berriatuarra tartean.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea mintzatu ziren mobilizazioa hasi aitzinetik, honen nondik norakoetan sakontzeko. Garaikoetxeak adierazi zuenez, ekimena «kezkatuta» daudelako bultzatu dute gazteek, «gauzak ondo dauden» uste faltsuari aurre eginez eta benetan euskaraz bizi izateko «egiturazko aldaketak» exijitzeko.

Bilbaok bi hitzetan laburbildu zuen ekimena: «inflexioa» eta «ilusioa». Garaikoetxeak bezala, euskaraz bizi ahal izateko neurriak behar direla aipatu zuen baina ortzi muga horretara «ilusioz» joatea bideragarria dela erantsi zuen. «Gazteek agertu duten determinazioak katea ez dela eten erakusten duelako. Ez dakit gaurko hau historikoa den baina euskararen historian argazki hau gorde beharko dugu».

Aldarri ugari bildu zituen mobilizazioak. Erraterako, Pantailak Euskaraz plataformak pankarta eta elastikoak ekarri zituen hitzordura. Alex Aginagaldek aipatu zuenez, «euskarak aurrera egin behar du arlo guztietan, pantailetan ere bai. Gure kezka hau gizarteko jende askok partekatzen duela ikusi dugu urtebete honetan, euskararen erabileran eragin handia duelako».

Hain justu, pantailekin lotuta, honako aldarri zehatza zabaldu zuten pankarta batean: «ETBk 40 urte. Berreskuratu euskarazko fikzioa».

Manifestazioa 18.30ak pasatuta iritsi zen Bulebarrera, duela hilabete eta erdi Korrikak batutako jendetza berdinduz edo gaindituz. Bertan, Aize Otañok eta Begoña Garaikoetxeak irakurri zuten amaierako agiria: «Geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu, aurrera goaz».

«Belaunaldi berriak osoki euskalduntzera goaz; euskaraz eroso bizi ahal izateko espazioak zabaltzera; pantailetan euskararen presentzia areagotzera. Aurrera egitea da kulturalki inoizko Euskal Herri anitzena izango dugun garaian, euskara harrera hizkuntza izatea; euskaraz ikasteko doakotasuna behingoz bermatzea, edota egoera prekario eta ezegonkor honetan euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea», ziurtatu zuten.

Administrazio publikoei ere zuzendu zitzaizkien, hizkuntza politika berriak eskatuz.