Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Burua borborka, marrazoak gogoan

Bueltan da» irakurri dut nire eskualdeko “Hitza”-ko izenbururen batean. Eta segituan emeritu zer hori nire burutik pasatu! Kawen! Bada, ez, Arrain Azoka zetorren bueltan, kostako herriren batera etorri ere. Hau marka gero! Ez nago azokaz orain. Itxuraz, azken egunetako kalima horrek bultzatu du Kantaurirantz, Emirerrietako marrazoen protesten artean eta hemisferio biotako klimaren kaltera. Tira, Briboiko borboien harira! Etxean komunerako bidean nengoela eta baten bat zappingetan zegoela, kateren batean izan nuen itzulera horren berri. Aztoratu egin nintzen segundo batez, eta lasaitze aldera behatzetako atzazalak moztera joan nintzen konpost-ontzien ingurura.

Etxera bueltan, guztiz lasaitua oraingoan, nire prentsari heldu nion patxadaz aurreko pasadizo hura behingoz ahaztu gurarik. Hara, Arabako Mahastiak sor-marka berria! Primeran! Hori leitu eta zer? Segituan emeritua berriro burura! Horixe! pentsatu nuen, Briboia gure beheko Estatuaren sor-marka da, hots, sor-monarkaren laburpena; nahiz eta kasu honetan lapurpena ere ondo letorkeen esatea. Eta orain betiko batzuek sos-monarka ari dira han-hor. Ene, ene, Emirerrietako marrazoek zenbat aiene!

Irakurtzen segitu nuen, ustez lasaitua berriz hartuta; gainera, ez neukan behatz gehiagorik! Total, tximino-baztanga kasu bat atzeman dutela itsasotik sartua. Zer? Burua berriro borborka. Seguru borboiak baduela zer esaterik! Eta ez esan kuriosoa ez denik, hango ikus-entzunezkoen legea ez da ondo hasi, ikusi bai, ikusi egin da, baina entzun? Baten batek entzun ahal dio? Entzutegian esan nahi dut, zein tegitan entzun baina? Ajuriaeneko maizterra ere gogoan. Ez al du bada eskatu monarkia errepublikazaletzea! Ama, ama! Ez al dute jelkide nahiz jeltzale izan inoiz ikasiko? «Tan difícil es….» Lege zaharren jauntxogabetzea eskatzea? Eta gauzatzea?