Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Eder L. Lopez de Ipiñak «Rainman» (9b) errepikatu du

Maiatzaren 13an, Ingalaterran bizi den 28 urteko bizkaitarrak Malhamen dagoen bide horren bigarren igoera sinatu zuen. SteveMcClurek puntu gorria jarri zion. 9b zailtasuna egiten lehen euskal eskalatzailea bihurtu da Lopez de Ipiña.

Hurrengo lerrootan jorratuko dugun goi mailako jarduera (historikoa ere bai euskal interesentzat) oso modu bitxian jaso genuen. Protagonista bera edo hedabide espezializaturen bat izaten da notizia ematen duena. Bada, oraingoan, “bitxia” bada ere, protagonistaren ama izan da. Eta kazetari batentzat hori keinu ederra da. Whatsapp baten bitartez haren semeak, Eder L. Lopez de Ipiñak, “Rainman” (9b, Malham) nola kateatzen duen ikusten den bideoa bidali eta zera adierazi zigun: «Orain dela hilabete batzuk hitz egin genuen bezala; bada, azkenean, iritsi da».

Bai, heldu da, eta nola heldu ere. Duela hiru urte eta erditik Sheffield-en bizi den 28 urteko berriztarrak Ingalaterrako kirol eskaladako biderik gogorrena sinatu berri du. Maiatzaren 13an izan zen, eta aurreratu behar dugu “Rainman”-en lehen errepikapena egin duela. Marra horri puntu gorria jarri ziona sona handia duen Steve McClure izan zen. 2017. urtean izan zen. Bost urte geroago, beraz, bigarren igoera iritsi da, eta, gainera, atzerritar baten eskutik.

Hori gutxi ez, eta Lopez de Ipiña 9b egin duen lehen euskal eskalatzailea da. Bederen, zailtasun hori proposatuta ez baizik eta baieztatuta duen bide bat eskalatu du.

Onartu behar dugu euskal eskalatzaile hori kirol eskaladako zailtasun handiko bideetan izaten ari den ibilbideak zur eta lur utzi gaituela. Kide batek esan zion bezala, beti xorro-xorro dabil. Urtebetean, 9a-tik 9b-ra egin du jauzi. Iazko udaberrian aipatu genuen “Rainshadow (9a) eta “Batman” (9a/+) sinatu zituela. Biak ala biak Malhamen bertan daude eta “Rainman”-en lotura dira. Udaberri batetik bestera, beraz, 9b esferan sartu da: «Hori guztia sufrimendu handiarekin eta entrenamendu gogorrekin lortu dut. Ingurumari honetan ez daude bide asko, eta, zuentzat bitxia bada ere, hemen oso zentzuzkoa da. Aipatu dituzun marra horiek igo eta gero, Malhamneko murru horretan soilik ‘Rainman’ geratzen zitzaidan. Gainera, bi bide horiek ‘Rainman’-en zatiak dira. Bi bide horiek lotzea oso zaila da; finean, bi 9a igotzen dira. Horretarako, belauna horman sartzea, hots, teknika hori, asko hobetu behar izan dut. Bi marra horien bloke gogorrenak lehen egunetik gainditu nituen; belaunaren kontu horrek, aldiz, hiruzpalau egun eskatu zizkidan. Oso espezifikoa da, eta bideoan samurra dirudien arren, zaila da. Ikusi behar zenuen zenbat sufritu nuen eta nolako itxura zuen belaunak. Zauriz eta ubelduraz josia!».

Iaz egin genizkion elkarrizketetan, Lopez de Ipiñak argi eta garbi utzi zigun “Rainman” helburu zuela eta egin egingo zuela. Eta hitza bete du. Urtebeteko prozesua izan da. Luzea, bai, baina McClureri ere asko kostatu zitzaion; ehundik gora ekinaldi egin zituen puntu gorria jarri ahal izateko.

“Rainshadow” eta “Batman” bideak patrikara eraman ondoren, eskalatzaile bizkaitarrak onartu digun bezala, “Rainman” probatu zuen: «Lehenengo saioa egin eta pauso guztiak atera nituen. Jakina, bi bide horien zati zailenak menderatuta nituen. ‘Rainshadow’-ren tarte zailena egin eta gero, belauna sartzen duzun toki horretara heltzen zara. Teknika hori lantzeko, entrenamendu espezifikoak egin nituen. Leku horretatik atera eta ‘Batman’-en mugimendu zailenak gainditu behar dira. Iazko udaberrian bederatzi ekinaldi egin nituen. Aurtengoan ez ditut zenbatu».

Aurreko eskarmentuetan esan zigunez, Malhamen baldintza onak aurkitzea zaila da oso. Eta “Rainman”-eko prozesuan horren “aurka” asko borrokatu behar izan du: «Murru hori hegoaldera begira dago. Eta bitxia da han gertatzen dena. Itzalean dagoen tarte batera joan eta 30 graduko tenperatura dagoen bitartean, ondoko beste alde batean 12 egiten du. Bero horrek egoera termiko bat sortzen du. Lainoak lodiak direnean, euria egiten du. Eta euria egiten ez duenean bero sargoria nagusitzen da. Udaberria sasoi onena da. Udaran bero handia egiteaz gain, milioka moskito daude. Joan den udazkena oso euritsua izan zen, hezetasun eta bero handiarekin eta haizerik gabe».

Egun perfektua

Kirol eskaladako muturreko zailtasuna duten bide guztietan gertatzen den bezala, baldintzek berebiziko eragina dute, baina Lopez de Ipiñak prozesu horretan beste “ezusteko” batzuk bizi behar izan ditu: «Iazko udazkenean, ekinaldi batean, azken mugimendu gogorrenean erorikoa izan nuen. Bizpahiru egun atseden hartu eta berriro itzuli nintzen. Sektorera heldu nintzenean bere buruaz beste egin zuen pertsona baten gorpuarekin egin nuen topo. Oso izorratuta utzi ninduen eta kosta egin zitzaidan egoera horri buelta ematea. Beste batean, berriz, baldintza perfektuak nituen: 4-5 graduko tenperatura. Ekinaldia hasteko prest nengoenean, aseguratzen ninduen nire kide Nick Sillem zuri ikusi nuen. Bere bikoteari bi hilabete geratzen zitzaizkion erditzeko. Aurreratu eta erietxera eraman zuten. Ekinaldia bertan behera utzi behar izan nuen».

“Rainman” kateatu zuen eguna ezberdina izan zen oso. Nahiz eta lanean bilera estresante bat izan, Malhamera joan zen. Bero egiten zuen. Lehen saioa egin eta 20 minutuko atsedena hartu zuen. Eta une horretan bere buruari esan zion behin betiko ekinaldia izango zela. Dena primeran joan zen. Katera erabat emozionatuta iritsi zen.

“Rainman” bidearen lehen errepikapena egiteaz gain, 9b egiten lehen euskal eskalatzailea da: «Zuk esan arte horrekin ez dut pentsatu. Poza eta ohorea. Eskalatzen hasi nintzenean, lagun bati 9a mailako bideo bat erakutsi nion, eta esan ere egunen batean maila hori lortuko nuela. Eta hark zera esan zidan: ‘Lasaitu zaitez, 8a-ra iristen bazara...’. Joan den udaberrira arte ez nuen helbururik, eta orain 9b-ra heldu naiz. Amets handi bat da. Zalantzarik gabe, orain arte egin dudan biderik zailena izan da. Stevek zioen 9b zela, eta Adam Ondrak probatu eta baieztatu zuen iritzi hori».

Beste eite bat ere aipatu diogu eskalatzaile honi. Berezia ala ez, baina “Rainman”-en bigarren igoera atzerritar batek lortu du. Eta hori Malhamen ez da batere ohikoa: «Muturreko zailtasunean diharduten denek kontinentean dituzte proiektuak. Nik Malhamen eginiko lana ez da batere erraza izan. Murrura iristeko 2 ordu eta erdi egiten dut autoan. Ia guztietan trafiko ilarekin. 20 minutu oinez egin eta eskalatzen hasten naiz. Atzerritarraren kontu horren inguruan esan behar dut bertako eskalatzaileek, batez ere zaharrenek, nire jarduera hau inbidiaz hartu dutela. Kritikatu naute belaunaren teknika hori erabiltzeagatik. Stevek berak ere erabili zuen. Stevek, ordea, asko motibatu nau; animo mezu asko bidali dizkit. Pozik agertu da nire errepikapenarekin eta uste du justizia egin dela».

Amaitzeko, eskalatzaile honek eskertu nahi izan ditu bere eskaladaren parte izan diren guztiak: «Asko lagundu didate, eta arrakasta horren zati bat beraiena da. Orain, atseden hartu nahi dut; izan ere, leher eginda nago. Nire gorputza erabat txikituta dago».