Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jon Alberdi, ideiak garbi eta exekuzioa hobeki

ALBERDI 22

SALABERRIA 11


Ezer berririk asmatu gabe, baina etxetik prestatuta zuen hori praktikara bikain eramanda jantzi zuen Jon Alberdik ondo baino hobeto merezitako Promozio Mailako Buruz Buruko txapela, Iker Salaberriari 22-11 gailenduta. Inor gutxik ulertu zuen erabaki batean, hasterako Joanes Bakaikoaren aurkako atarikoa jarri zion enpresak eta hura ez ezik, jokatu dituen beste bost partidak irabazita, bere ibilbideko bigarren txapela lortu du azpeitiarrak, Salaverrirekin batera jantzitako Binakakoaren ostean.

Pronostikoetan zertxobait faborito bazen ere, uste baino errazago nagusitu zen aurrelari gipuzkoarra, espero zen estiloen arteko talkan, partida berehala berak nahi zuen eremura eramateko gai izan baitzen, nahiz eta lehen sakea goizuetarrari egokitu. Gaur egun beste erritmo bateko partidetara ohituak bagaude ere, azpeitiarrak ez zuen batere presarik izan eta botez luze jokatzearen aldeko hautua egin zuen, partida luzatzeak mesede egingo ziola erabat sinistuta.

Eta ideia on bat edukitzea garrantzitsua bada, pentsatutako hori gauzatzea are eta baliagarriagoa izaten da, nahiz eta sarri, estrategiarik sinpleena aurrera eramatea zaila izaten den oso, are gehiago final bateko tentsioa gainean dela.

Jon Alberdik, ordea, bikain asmatu zuen horretan eta pilotakada bakoitzean denak ematera joan gabe, Salaberria frontisetik urrun mantentzea lortu zuen, 7-0eko takada batekin zulo handia irekiz.

Sakearekin asmatu ez

Aukera gutxi eman zizkion Salaberriari azpeitiarrak, baina izan zituen apurretan ere goizuetarrak ez zuen nahi beste asmatu. Sakea, zuzenean ez bada bigarren pilotakadan baliatzeko, funtsezkoa zuen Aspekoak partida aurrera ateratzeko eta oso gutxitan atera zion etekina. Izan zuen une bat, 15-4tik 15-9ra gerturatu zenean, sakearekin min eginda jokoa nahasten asmatu zuena, baina Alberdik sufritzera heldu gabe kendu zion pilota jokoan jartzeko aukera eta erraz nagusitu zen.