GARA
IRUÑEA

Nafarroa Berriz Altxa-k iruindarren matxinadaren 501. urteurrena ospatu du

Nafarroa Berriz Altxa plataformak Iruñeko herritarren matxinadaren 501. urteurrena omentzeko ekitaldi bat antolatu zuen atzo Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren aurrean, Iruñean. Era berean, ekitaldiaren bitartez, datorren ekainaren 5ean, igandean, Baztanen ospatuko den Amaiuraldian parte hartzeko gonbita luzatu zien herritarrei.

Nafarroa Berriz Altxa plataformak duela 501 urte Espainiako okupazioaren aurka Nafarroa osoak egindako matxinada oroitu zuen atzo goizean Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren aurrean, Iruñean. Ekitaldia “Iruñeko Askatasun Martxa” izendatu zuten eta Amaiuraldirako bi aste falta direlarik, bertarako beroketa ariketa gisa aurkeztu zuten. Zehazki, Amaiuraldian parte hartzeko gonbita luzatu zieten bai nafarrei eta bai, oro har, euskal herritarrei.

Nafarroa Berriz Altxako Joseba Compainsek azaldu zuenez, «hemen elkartu gara 2022ko maiatz honetan 501 urte betetzen direlako Iruñeko hiritarrak gaztelar konkistatzaileen aurrean altxatu zirela». Antolatzaileen aburuz, pertsona horiek «omenaldi bat» merezi zuten, eta, horregatik, iaz egin zuten gisa elkartu ziren artxiboaren aurrean.

Ekimenari 12.00etan eman zioten hasiera, manifestazio txiki baten bidez. Dozenaka lagun hurbildu ziren bertara, Nafarroako banderekin eta, ekitaldi nagusiaren ostean, zortziko herrikoia egin zuten. Jarraian, 12.30ean, beste dantza baten txanda iritsi zen, eta bertaratutakoek zazpi jauziak egin zituzten Iruñeko artxiboaren atarian, inperio espainolaren ezkutuaren gainean. Izan ere, Compainsek azpimarratu zuen oroimen ariketa giro «alaian» egin nahi zutela. Hala ere, gutxienez lau poliziakide kokatu ziren eraikinaren atearen aurrean ekimenak iraun bitartean.

Burujabetza beharra

Bukatzeko, Compainsek Nafarroa Berriz Altxaren aldarrikapen nagusiak gogorarazi zituen.

«XXI. mendean Nafarroak eta, oro har, Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa iruditzen zaigu burujabetza berreskuratzea. Horretarako ezinbestekoa da masa kritikoa sortzea eta kalea hartzea aldarri hori ozen entzun eta taula politikora igo dadin», esplikatu zien Compainsek hedabideei.