GARA
BILBO

Lakuaren ordezkaritza okupatu dute «Hezkuntzako langileen defentsan»

«Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!» lemapean, LAB sindikatuak protesta egin zuen, atzo, Lakuako Gobernuaren Bilboko lurralde ordezkaritzan sartuta. Hezkuntza Sailaren ikastetxeetako irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan hobekuntzak egiteko eskatu zuten.

LAB sindikatuak Lakuako Gobernuak Bilbon duen lurralde ordezkaritza okupatu zuen atzo, “Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean.

Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetako irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan «egonkortze prozesuetako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago» eskaintzeko eskatu zuen sindikatuak; hain zuzen ere, irakasleen kasuan, egiturazkoak diren lanpostuak, «egun aurrekontu zuzkidura dutenak», eta ezkutuan daudenak; bereziki, laguntza zerbitzuetan zerbitzu eginkizunen bidez betetzen direnak (lanbide heziketakoak, Iraleak, barnetegiak edota Berritzegunekoak). Heziketa berezian, «obra eta zerbitzu kontratu guztiak, urtero errepikatu direnak». Eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, «iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren lan metaketa kontratuak».

Horrez gain, «egiturazkoa bilakatu den prekaritateari» amaiera emateko aldarrikatu zuten. «Kolektibo laboraletan, behin-behinekotasuna eta prekaritatea egiturazkoak izan dira azken urte luzeetan. Heziketa bereziko langile kolektiboetan 14 urte pasa dira LEP deialdirik gabe eta sukalde eta garbiketako zerbitzuetan, 21 urte. Horregatik, urtez urte errepikatu diren laguntza kontratuak eskaintzaren parte izan behar dira eta kontsolidatu beharrekoak. Egiturazko lanpostuak dira», azaldu zuen LABek.

Madrilek ezarritako dekretu eta aginduetatik harago, «Euskal Herriko langileontzako neurriak bertan» erabakitzea exijitu zuten. Izan ere, irakasleen kasuan, azaldu zuten «birjartze tasan oinarrituriko oposizio lehiaketa arruntetan eskaini nahi dituzten plazetako asko estabilizazio prozesuen bitartez bete daitezkeela, oposizio lehiaketa ‘ez baztertzaile’ edota meritu lehiaketaren bidez».

Azkenik, sindikatuak kolektibo laboraletan, heziketa berezian eta sukalde eta garbiketan, egonkortze prozesuen eskaintzaren negoziazioarekin jarraitzeko eskatu zion Hezkuntza Sailari, eta negoziazioari heltzeko, irakasleen eskaintzari dagokionez.

LABen ustez, Hezkuntza Sailak orain arte egindako eskaintza kopurua ez da nahikoa, eta horregatik eskatzen du maiatzaren 31ra arteko epea negoziatzeko baliatzea.

 

Greba eguna

Bestetik, hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileek ELAk aste honetarako deitutako bost greba egunetatik lehena izan zuten atzo, eta, sindikatuaren esanetan, «arrakastatsua» izan zen; «%50eko erantzuna izan da eta zenbait eskolatan, erabatekoa: Azkoitiko, Ordiziako, Gernikako, Balmasedako eta Sodupeko eskoletan, kasu».

Bi dira langileek Hezkuntza Sailari zuzendutako aldarrikapen nagusiak: «Egiten ez diren ordezkapenak betetzea eta behin-behinekotasunari aurre egingo dioten kontsolidazio prozesu bermatzaileak eskatzea». «Horretarako, ezinbestekoa da meritu-lehiaketa bidezko prozesuak egitea, sukaldari zein garbitzaileak egonkortzeko lanpostu kopuru nahikoarekin». Lan eginiko denborak «pisu esanguratsuena» izan behar duela nabarmendu zuen ELAk.