Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Historiari interpelazio bat

Joseba Sarrionandiak jarri dizkio hitzak eta Ares ilustratzaile kubatarrak, irudiak. Lau eskuetara eta elkarlan estuan ondu dute «Munduari bira eman zion ontzia» (Pamiela). Getariako itsasgizonak egindako bidaiaren saiakera da honako hau, «baina-z» betea; kontatu zaigun errelatoari interpelazioa. Bilobak amonari «benetako istorio» bat eskatu dio, eta elkarrizketan sortuko dira gai guztietarako giltzak: botere harremanak, arrazismoa, matxismoa…

Literaturaren helburua da «errealitatetzat ematen zaigun hori kuestionatzea», dio Joseba Sarrionandiak. Zalantzan jartzea eta «bainaz» betetzea. Galderak egitea eta, ahal dela, deserosoak izatea. Funtzio hori betetzera dator “Munduari bira eman zion ontzia”, duela 500 urte Juan Sebastian Elkanok Sevillatik abiatuta itsasoak zeharkatuz egin zuen lehen mundu biraz mintzatzen den obra berria. Baina hau ez da kontatu zaigunaren errelatoaren erreprodukzioa, ez eta gaur arte biziraun duen kontaketa historikoaren narrazioa ere.

Joseba Sarrionandiak bost mende atzera euskaldunaren gidaritzapean berrehun eta berrogeita hamar bat itsasgizonek egin zuten bidaia izan du hizpide, baina oso bestelako modu batean planteatuz bidaia hura, «naufragio» ere izan zena.

Elkano Fundazioaren laguntzaz eta Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu da liburua, eta atzo aurkeztu zuten Donostian.

Neskatoak «benetako istorio bat» eskatu dio amonari, beti ipuin umekoiak kontatzen dizkiolako, Historia irakaslea izan arren. XVI. mendean Magallaes eta Elkanoren bidaia kontatuko dio orduan bilobari, baina hasi orduko piztu dira galderak eta «baina-k». Historia aterako da orduan bere ildotik, eta bihurtuko dute, amonak eta bilobak, antzinako itsas bidaia baten kronika izan zitekeena, benetako beste historia asko azaltzeko aitzakia eta bizi garen planeta arraro honi buruzko gogoeta-elkarrizketa.

«Liburu hau askatasunari buruzkoa da, eta botere harremanak planteatzen dira globalizazioaren aitzakiarekin», azaldu zuen Sarrionandiak prentsaurrekoan. Idazlearen aburuz, guk gaur egun bizi duguna «enegarren» globalizazioa da, lehenago beste hamaika egon direlako. «Gizon zuriaren zama da bestea konkistatu beharra», boterea lortzea, eta hori baliatzea beste herriak mendean izateko.

Gogoratu zuenez, bidaia hartan 200 eta 300 gizon artean abiatu ziren itsasontzietan, eta bakan batzuk baino ez ziren itzuli. Hori bidaia al da? «Hori ez da bidaia heroikoa, baizik eta naufragioa». Begirada kontua da, eta horren ondotik eraikitzen den errelatoa. Horregatik planteatu du kontakizuna errelatoaren kontra egindako interpelazio moduan, bilobaren ahotsa baliatuz.

Kontra-birarako unea

Amona eta bilobaren arteko kontakizuna elkarrizketa izango da, umorea ere badago, eta tartean topatuko dituzte gai guztietarako giltzak: botere harremanak, truke ekonomiko desorekatua, kultur bestelakotasuna, arrazismoa, kosmosaren misterioa, lurraren propietatea, matxismoa, emakumearen zapalkuntza, harrikoa egitearen garrantzia edota lurraren propietatea.

Eli Irazuk Pamielako argitaletxetik aurreratu zuenez, «ez baita heroi baten istoria, bidaia harrigarri baten kontaketa» baizik, agerian uzten duena iragana eta oraina lotuta daudela. «Lan honek norabide aldaketa bat proposatzen du; bada garaia kontra-birarako», esan zuen.

Lau eskuetara egindako lana da “Munduari bira eman zion ontzia”, Ares ilustratzailearen 41 irudiak datozelako kontakizuna osatzera. Kubatarrak adierazi zuenez, orain arte egin dituen lanekin antzik ez du izan proiektu honek. «Argitaletxeetatik espazio zuriak ematen zaizkit, eta nik bete egin behar izaten ditut. Baina kasu hau oso bestelakoa izan da, testuak eta irudiak aldi berean sortzen joan garelako. Oso ederra izan da».

«Josebaren testua irakurtzea Historiako klase bikain bat jasotzea bezalakoa izan da, eta konturatu naiz lehen mundu biraz asko nekiela uste nuen arren, ez nekiela ezer», erantsi zuen.

Zentzu horretan, «heldu txikiak diren nerabeentzat» idatzi du Sarrionandiak lan berria, «gazte horiek irakur dezaten euskaraz Historia». «Historian sartzeko duen abilidadea eta mundua behatzeko duen gaitasun berezia miresgarriak dira; orainetik iraganaz egiten duen saiakera eta azterketa da honako hau», adierazi zuen marrazkilariak.