GARA
piongiang

Ipar Koreak hiru misil jaurtiz agurtu du Joe Biden presidentea

Ipar Koreak hiru misil jaurti zituen atzo Japoniako itsasorantz, hain justu Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek Asian zeharreko birari amaiera ematean. Hego Koreako Armadaren arabera, Piongiangek aurten egindako hamargarren jaurtiketa izan da hori. Hiru misiletatik bat kontinenteartekoa zen eta beste biak, balistikoak.

Fumio Kishida lehen ministro japoniarrak azaldu duenez, lehenak 300 kilometro inguruko hegaldia egin du eta 550 kilometroko altuerara iritsi da. Bigarrenak, 750 kilometroko hegaldia egin du «ibilbide irregular» eta 50 kilometroko altuerarekin. Hirugarrenaz ez du daturik eman.

Kishidak adierazi du «Japoniak ez dituela horrelako probokazioak onartzen». Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak eta Park Jin Atzerri ministro hegokorearrak ere gaitzetsi dituzte jaurtiketok.

Joan den larunbatean, Biden eta Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidenteak maniobra militar handiak egitea eta soldadu estatubatuar gehiago hedatzea adostu zuten, jaurtiketa hauei erantzuteko.