GARA
IRUÑEA

Epaiketa bati aurre egiteko diru bilketa abiatu du Ernaik

2021eko maiatzean Ernaik deitutako mobilizazioen baitan Bilbon atxilotutako zazpi gazteen aurkako epaiketaren atarian, elkartasunerako deia egin zuen atzo gazte antolakundeak eta diru bilketa abiatu zuen.

Ernaik gogoratu zuenez, iazko maiatzean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protestak egin zituen gazte antolakundeak, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatzeko helburuarekin.

Bilbon eta Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu zitzaien gazteei eta, haietako zortzi atxilotzeaz gain, 60 baino gehiago zauritu zituen.

Bizkaiko hiriburuan atzeman zituztenak ekainaren 15ean epaituko dituzte. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigor, isun eta kalte ordain eskaerei egin beharko diete aurre. Guztira, 20.000 euro baino gehiago eskatzen dizkiete.

Hori dela-eta, kontu korronte bat ireki du gazte antolakundeak, herritarrek ekarpena egin dezaten: ES53 2095 0036 6191 2160 4611. Bildutako dirua epaiketaren gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko erabiliko dutela nabarmendu zuen gazte antolakundeak

Azkenik, larunbaterako, ekainak 4, antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen Ernaik, «gazteontzako bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela aldarrikatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko». Arratsaldeko 17.30ean hasiko da mobilizazioa Bilboko Eliptika plazatik.