Ongizatearen gizartea xaxatuz
Aurreko lanarekin jabetza pribatua ezbaian jarri zuen eta orain politika eta zientzia hartu ditu hizpide Asel Luzarragak «Katuak jandakoa» nobelarekin. Zigor eta Iraultza dira berriz protagonista: eurek argitu beharko dute zer dela-eta jaio diren haur batzuk mihirik gabe.

«Ongizatearen gizartea» deitutako gure sistema honen zenbait oinarri zalantzan jartzeko hautua egin zuen Asel Luzarragak; “Uzta garaia” aurreko lanarekin abiatu zuen asmo hori. Gurera mahatsa biltzera etortzen diren pertsonen bizitzetan arakatuz gure oinarri ekonomikoak ezbaian jarri zituen: jabetza pribatua, eskulana, esklabotza. «Nondik eta zein eskuk eginda daude guregana ailegatzen diren produktuak?».
Galdera deseroso horiei jarraipena eman die orain, lan berriarekin: “Katuak jandakoa” (Elkar). Zer ote ba? Bai, mihia. Fantasia ukituarekin baina errealismoaren koadrotik atera gabe landu ditu oraingo honetan oinarri politikoak eta zientzia.
Pertsonaiak berberak dira, Zigor eta Iraultza neba-arreba bikiak. Ondarrateko eskolako ikasleak dira. Jolastokian ezagutuko du 14 urteko Iraultzak hitz egiten ez duen mutikoa. Ezin du, ez baitu mihirik. Zer dela-eta? Nola da posible? Gehiago jakin nahian hasiko da anaiaren laguntzaz han eta hemen ikertzen, eta ohartuko dira ume gehiago badirela egoera berean, aspaldi gertatzen hasi zen fenomeno bat delako, antza mutazio motaren baten ondorioz.
«Askotan gazteei ematen zaie gure gizartea zeozer eztabaidaezina, gauzatua eta amaitua bezala; ordea, ikasi behar da honetara moldatzen eta bizitzen, eta ez da pentsatzen nondik datorren eta zeintzuk diren oinarriak. Oinarri horiek zalantzan jartzea da asmoa, erantzunak eman baino, galderak egitea da auzia», azaldu zuen. Idazleak atzo aurkeztu zuen lan berria.
Zientzia, gerra-zelai isila
Eskolarako egin beharreko lana hori ikertzea izango da, eta horretan dabiltzala abentura batean sartuko dira «ikertzeak batzuetan badituelako bere arriskuak», esan du. «Dei egiten da hausnartzera zer den demokrazia ordezkatzailea deritzona, herriak bere erabakiak hartzeko behar duela erabaki horiek hartuko dituen norbait bozkatu, beste norbaiten esku utziz erabakiak. Eta hor badator gure hezkuntza sistemaren kritika bat. Ikastolan txikitatik aukeratzen dira ordezkariak, haurren geletan aukeratu behar da monarka bat, eta ordezkoa ere badaezpada. Eta zertarako? Nork daki… Baina horrela ohitzen ditugu», kritikatu zuen.
Zientziaren esparrua ustezko mutazioaren bidez landu du. «Zigor eta Iraultza konturatuko dira zientzia ez dela neutrala, eta diskurtso zientifikoak ez daudela denak berdin onartuta. Egia zientifiko bakarra zabaldu da eta beste edozein zalantza bihurtu da sakrilegioa».
«Ez da liburu zientifiko bat, thriller bat baizik –berretsi du–. Abentura bat, baina badaude oinarri zientifiko batzuk. Ipini gura izan dut begien aurrean zelan pentsatzen dugun eboluzioan hoberanzko joera gisa, gorantz doan zerbait bezala, eta azken garaietan agertu dira heroiak, mutazioak diren superbotereak, baina eboluzioa da egokitzea, eta gerta liteke gure gizarte honetara egokitzeko agian ahalmenak irabazi baino gehiago gaitasun batzuk galdu behar ditugula hobeto moldatzeko», iradoki zuen.
Idazlearen aburuz, «zientzia gerra-zelai isil bat da», eta pandemiak agerian utzi du baieztapen hori. «Badirudi zientzia dela bat, eta bidea bakarra dela, baina adar asko ditu, eta adar bakoitzak beste batzuk. Normalean aurpegi bakarra erakusten zaigu, eta hori koronabirusarekin ikusi da; denok konpartitu behar izan dugu modu berean».

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
