ORIXE, DOINU GREGORIANOZ JANTZIA
Orixek latinetik euskarara itzuli zituen testuak meza-liburu batetik berreskuratu eta doinu gregorianoak erantsi dizkio Donosti Ereski Gregoriar Schola abesbatzak, eta disko-liburu bat argitaratu dute. Orexakoak egindako ekarpenari aitortza egin nahi diote.

Badira 50 urte Donostia Ereski abesbatzak musika gregorianoa abesten duela, latinez. Aldiz, saioetarako erabili ohi dituzten partituren artean bazegoen pieza bat noizbehinka kantatzen zutena, eta euskaraz: “Agur Ama” (Salve Mater). Bitxia zen, zeren lelo eta lehen bertsoek baino ez zuten makinaz idatzirik euskarazko letra latinaren azpian, eta egilearen bueltan dena zen misterioa. Jakin-minez, nork itzulia ote zen galderari segika, orain gutxi argitu ahal izan dute Nikolas Ormaetxea “Orixe”-k (1888-1961) ekarri zuela testu hura latinetik euskarara, 1949an.
Bilaketa horretan deskubritu zuten, hain zuzen, meza-liburu bat idatzia zuela orexarrak, “Urte Guziko Meza-Bezperak”. Liburua deskatalogatuta dago, eta oso zaila da gaur egun alerik topatzea. Abesbatzak baten bat lortu zuen, ordea, eta zaharkitutako orri horixka haietan murgilduta ohartu ziren Orixek hura itzultzeko hartu zuen lanaz. Argitalpen hura erabat ahanzturan erorita, hori berreskuratu eta duen balioa nabarmendu nahi izan du Ereski Abesbatzak proiektu berri batekin.
“Orixeren oparia: gregorianoa euskaraz” liburuxka eta disko bikoitza argitaratu dute. Bertan, “Urte Guziko Meza-Bezperak” liburuxkatik jasotako ia 50 testu bildu dituzte, eta musika gregorianoa moldatu eta erantsi diote gregorianoz eta euskaraz Orixek latinetik itzulitako testuak kantatu ahal izateko. «Euskara doinu gregorianoetan ‘kantagarria’ dela frogatu nahiko genuke», azaldu dio GARAri Juanjo Iturrioz abesbatzako kide eta proiektuko koordinatzaileak.
Bidean, ohartu ziren biltzen ari ziren pieza horien guztien partiturarik ez zegoela eta, beraz, hutsetik egin behar zirela, «birsortu», aditzera eman dutenez. Argitaratu duten partitura-liburuak 200 orrialde baino gehiago ditu, eta eurek landu dituzten ehun pieza baino gehiago jaso dituzte notazio modernoan eta notazio gregorianoan. «Hamar bat genituen hasieran, baina gehiago eta gehiago egiten joan ginen, eta sorta majo bat osatu genuen, ia 40 egiteraino pandemia hasi aurretik. Kopuruak berak animatu gintuen segitzera», aitortu du Iturriozek.
Jokin Otamendi abesbatzaren zuzendariaren ustetan, lan hau «hutsune bat» betetzera dator «halakorik ez delako existitzen». Horregatik, bai musika aldetik bai hizkuntza aldetik «ondare» gisa ikusten dute beren bitartekoekin eta «denbora librean» egin eta argitaratu berri duten lan hau.
Euskarazko meza-liburu bat sortzeak berebiziko garrantzia zuela sinetsita, euskal Elizak 1945. urtearen bueltan eskatu zion Orixeri urteko meza eta bezperak latinetik euskarara itzuli eta jasotzeko. «Iñaki Azpiazu apaiza eta Maritxu Barriola izan ziren bultzatzaileak», kontatu dute abesbatzako kideek. Bi urteren buruan amaitu zuen, eta lana zailtasunez betea egon zela diote. Letra txikiz bete zituen 1.456 orrialde. Orexakoak, ordea, ez zuen «inolako errekonozimendurik jaso», azpimarratu dute.
Musikarekiko zaletasuna
«Zer dakigu Orixez? Gauza gutxi –dio penatuta Otamendik–. Paulo Iztueta da haren figuraren gainean gehien ikasi duena, baina jakingo bagenu ze bizitza izan zuen, eta zenbat lan egin zuen! Asko zor diogu, ez diogu ezer eman». Bide horretan doa argitalpen bikoitza, zeren Orixeren lan «garrantzitsu honen balioa azaleratu eta gizarteratzea» da Ereski Abesbatzaren asmorik handiena.
Orixek musikazaletasun izugarria omen zuen, eta doinuak eta erritmoak oso ondo menderatzen zituen. Ez zuen musika ikasi, eta formakuntzarik ere ez zuen jaso, baina «oso belarri ona» ei zuen. Antza, Koldo Mitxelenak esan zuen Orixeren euskarari musika dariola. “Urte Guziko Meza-Bezperak” liburuan gorazarreak, sekuentziak eta eliza-kantak daude, eta horiek euskaratzean «deigarria» da latinezko neurtitz horiek ez zituela prosaz egin, bertsotan baizik. «Eta are deigarriagoa, maiz latinez idatzitako silaba eta etenaldi berberak erabiliz, latinezko melodia euskaraz abes zitekeela. Orixek bazekien euskarak azenturako duen malgutasuna ongi lotzen zaiola gregorianoaren erritmo libreari», aipatu du Otamendik.
Iaz idazlearen heriotzaren 60. urteurrena bete zela, heldu da harentzako «oparia» izan asmo duen lana. Orixek «herriari emandakoa» bueltan doakio.
Erakundeen babesa eta emanaldiak eskaintzea, jendarteratzeko gakoak
Bitarteko oso gutxirekin baina musikarekiko duten maitasun handiak bultzatuta ondu dute apurka proiektua Donosti Ereski Gregoriak Scholako kideek. Denbora librean joan dira testuak biltzen, musika egokitzen eta moldatzen, bilduma osatu arte.
Bidean ate hau eta bestea jo dute, erakunderen baten laguntza ba ote zuten galdezka. Kutxa Fundazioak eman dizkio 3.000 euro, baina bestela hutsune bat topatu dute. Haien ustez, bultzada beharrezkoa da, aurrerantzean Orixeren testuak gregorianoz eta euskaraz kantatu ahal izateak balioa baduelako. «Existitzen ez ziren partiturak ‘birsortzea’ balioesteko modukoa da», argudiatzen dute.
“Orixeren oparia: gregorianoa euskaraz” disko-liburua zenbait liburu-dendatan topa daiteke, baina edukia jendartean hedatu eta ezagutzera emateko modu eraginkorrena emanaldiak eskaini ahal izatea dela uste dute. Horretarako, musika gregorianoaren eta Elizaren arteko lotura horrekin haustera animatzen dute, «etiketa» hori oztopoa delako eta pixkanaka ahanzturan eror daitekeelako ondarea dena. O.L.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
