«EUSKARAREN ERREPUBLIKA» OSPATU DA LIBURU ETA DISKO ARTEAN ZIBURUN
EUSKARA AHOZ AHO, LIBURUZ LIBURU, DISKOZ DISKO IBILI ZEN ATZO EUSKALTZALEAK BILDU ZITUEN “ERREPUBLIKAN”. HIRU EDIZIOTAN TOKIA EGINA DU AZOKAK, HORRELAKO HITZORDU BATEN BEHARRA ZEGOELA AGERIAN UTZITA. ARTISTEK, ARGITALETXEEK ETA EUSKALTZALEEK BAIKOR ERANTZUN DIOTE DEIARI.

Ziburuko plazan ezarrita zegoen karpara sartzen zenari “Euskararen Errepublikara” ongi etorria ematen zitzaion, baina hitz idatziak baino gehiago ziren horiek: antolatzaile eta artisten ahotan ere bazebiltzan atzo, Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak antolatu zuten ekimenean.
Goizean egin zen irekiera ekitaldira hurbildu zirenei “Errepublikara” ongi etorria opa zieten antolatzaileek. Miren Artetxek ere, Igor Elortzarekin batera, eta Axpi eta ZaldiEroarekin partekatu duten Zirriborroka emanaldia bukatzeko, “Errepublikan” gozatzera gonbidatu zituen ikusleak.
Azokara lau liburu berrirekin hurbildu zen Joseba Aurkenerenak urrunago begiratu, eta argiki erran zuen, belaunaldi berriengan pentsatuz, «sinisten dut gure herrian eta gure mintzairan, mende honetan sortuko dela Euskal Errepublika independentea».
Idazle anitz izan ziren Lapurdiko kostaldeko herrian. Haien liburuak aurkeztu zituzten Asel Luzarraga, Lizar Begoña, ZaldiEroa, Koldo Izagirre, Garluk, Daniel Fano, Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaile, Garbiñe Larrea eta Jokin Urainek.
Berritasunekin heldu zirenez gain, aspaldi argitaratutakoak eskuratzeko aukera ederra ere eskaintzen zuen azokak, eta horiek idatzi, margotu, abestu, musikatu, itzuli, argitaratu... dituzten artistekin elkartzeko eta mintzatzeko ere bai. Han ibili ziren, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Asisko Urmeneta, Thierry Biscary, Koldo Izagirre, Hartzea Lopez Arana, Luzien Etxezaharreta, Amaiur Epher, Su ta Garreko Xabi Bastida...
Aurten musikariak erakartzeko lan berezia egin dutela azaldu zuen Ladix Lanouguere Arrosagaraik, Baltsan elkarteko kideak: «Zuzeneko harremanak hartu ditugu, autoekoizleekin eta diskoetxeekin, eta polita da, aurten hamar dira eta. Denak elkarrekin eman ditugu; horrela ikusgarritasun handiagoa bada, bestela pixka bat galduak baitziren liburuen artean».
Sekula joan ez ziren argitaletxeak hurbildu ziren hirugarren edizio horretara: «33 dira, lehen edizioarekin konparatuta, bikoitza da. Ikusten da finkatzen ari dela, eta espero dugu datozen urteetan pixkanaka handituz joanen dela. Baina ez gehiegi ere: denak laguntzaileak gara, musu-truk ari gara; 30 bat lagun ari gara lanean». Aldi berean, euskalgintza eta gaur egun baitezpadakoak diren euskararen aldeko eragileak horrela sortu zirela nabarmendu zuen.
Azokaren «giza» neurria nabarmendu zuen Lanouguere Arrosagaraik, eta tamaina txiki horrek artista eta bisitarien arteko harremanak laguntzen dituela gaineratu zuen. Horrekin batera, jendea hori baliatzera deitu zuen: «Hori da helburua».
“Errepublika” giroan, liburuen eta diskoen ondoan, eta lagunduz, aurkezpenak, mahai-inguruak umore saioak edo haurrentzako ikuskizuna izan ziren. Azken hau Maddi Zubeldia idazle eta musikariak Bernadette Lurorekin antzeztutako “Ama-lurrak pausa behar du” izan zen: Ziburuko ikastola eta eskolekin batera, azokaren egunari begira sortutako txotxongilo emanaldia.
Janbattitt dirassar
Jende asko bildu da Zirriborrokara ere, non beste gai batzuen artean hirugarren edizio honetan omendutako Janbattitt Dirassar kazetari eta idazlaria izan zuten mintzagai eta irudigai.
Goizean, irekitzearekin egin zioten omenaldia, eta hor ere giro polita izan zen familiakideak, lagunak, ezagunak eta euskaltzaleak elkartuta, horretarako egokituta zegoen karpa txiki utzi zutela.
Maddalen Tapia antolatzaileak haren ibilbidea gogorarazi ondoren, Zubeldiak egindako oroigarri bat eman zion, non Bernat Etxeparek euskaraz idatzitako lehen liburuaren hitzak ziren: “Berce gendec uste çuten. Ecin scriba çayteyen”.
Omenduak hartu zuen hitza, eta bere bizitzan saihestezina izan den euskararen aldeko borrokari buruzko oroitzapenak eta gogoetak partekatu zituen. Nabarmendu zuen, frantsesezko hitz bat, “anti”; maltzurkeriaz esaten omen zena «anti-basque» errateko.
Eskolan euskaraz hitz egitea nola debekatzen zioten gogoratu zuen hazpandarrak, eta eskolara sartzean «zaharra» esaten zutela, eta irakasleak, haserre, hori euskara zela esaten bazuen, Afrikako basamortua zela erantzuten zuten –Sahara–. Irri batzuk ekarri zituen pasadizo horrek; ez, aldiz, gurasoei ere mehatxuak nola igortzen zizkieten esan zuenean.
Ondoren Dirassarrek Epherrekin solasaldia partekatu zuen, eta etorkizunari begira eman ziren. Bertan “zaharrak” gazteei dei egin zien suharrarekin euskara defendatzera. “Gazteak”, bere aldetik, literaturaren funtzioa aipatu zuen, «euskara indartzeko edo salbatzeko». Gaineratu zuen: «Oraindik hemengo egoera aski ahula da. Geroak erranen du nola egonkortzen den; mugaren bi aldeetan egoera soziolinguistikoak biziki ezberdinak dira».
Biribilduz, omenduak ondorengoa adierazi zuen: «Denok behar dugu aitzina segitu, eta gazteek elkarlanari buruz egin behar dute, elkar lagunduz eta irekiz, beharrezkoa baita».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
