Zazpi gazteren aurkako epaiketa salatu du Ernaik Bilbon
«Ez gaituzue geldituko» lelopean, iazko maiatzean Bilbon atxilotu zituzten zazpi gazteei babesa adierazteko manifestazioa izan zen atzo Bilbon. Ekainaren 15ean Bilboko zazpi kide epaituko dituzte. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrak eta, guztira, 20.000 euro baino gehiagoko isunak eskatzen dizkiete.

Gazteentzako «bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela» aldarrikatzeko eta zazpi auzipetuei babesa adierazteko antolatu zuen atzo Ernai gazte antolakundeak “Ez gaituzue geldituko” manifestazioa, Bilboko Eliptika plazatik abiatuta.
Milaka pertsonak hartu zuten parte 17.30ean hasi eta Bilboko Kale Nagusian ibili zen martxan. Ibilbidean, polizia ugari izan zen, eta BBVAren sukurtsalaren parean, Kale Nagusian, neska gazte bat identifikatu zuen Ertzaintzak kartelak jartzeagatik. Plaza Biribilera iritsita, manifestariak Buenos Aires kaletik jaitsi ziren. Colon de Larrategui kalearen izkinan, Albia lorategietara eta, beraz, Sabin Etxera sartzen den tokian, Ertzaintzako hainbat furgoik bidea ixten zuten, ibilbidetik desbideratzea saihesteko. Arazorik gabe, baina lehenengo euri tantekin heldu zen gazte multzoa Arriga Plazara, non Ernaiko kideek komunikatua irakurri zuten. «Ez gaituzue geldituko. Argi eta garbi utzi dugu gaur, argi utzi diegu gure egoeraren erantzule diren arduradun politiko zein borradun matoi mozorrotuei», adierazi zuten.
“Larrialdi egoeran gaude” manifestazioarekin kalera irten zirenetik urtebetera, gazte antolakundeak uste du gazteen egoera ez dela hobetu: «Gazteon bizitzen prekarizazio prozesua ez da eten, azkartzen jarraitu du, okerrera doa, eta gazteok gainezka gaude: emantzipatzeko ezintasuna, lan kontratu prekarioak (enplegurik izatekotan), hezkuntzaren pribatizazioa eta prozesuen prekarizazioa edota harremantzeko espazioen ukazioa... Horri guztiari gazteon osasun mentala kaskartzea eta horren inguruko baliabide falta gehitu behar zaizkio. Espektatiba eza zein bizitza duinak garatzeko ezintasuna ondorio lazgarriak eragiten ari dira gazteon artean».
Gainera, salatu zuten arduradun politikoak ez direla «gai izan gazteok zein gizarte osoak bizi dituzten arazoei aurre egiteko», ezta «herri eta langile sektoreen interesen alde lan egiteko» ere, «kapitalaren interesak erdigunean» jarri dituztelako. «Bakarturik nahi gaituen sistemaren aurrean, elite politiko eta ekonomikoen aurrean, estatu zapaltzaileen aurrean... antolatu gaitezen. Elkarrekin indartsuagoak baikara», aldarrikatu zuten.
«Muntai poliziala»
2021eko maiatzaren 7an, gazteen «bizi baldintza penagarriak eta prekarizazio egoera» salatzeko Ernairen “Larrialdi egoeran gaude” mobilizazioan, zazpi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Bilbon eta beste bat, Gasteizen. Gainera, 60 zauritu baino gehiago izan ziren eta Bizkaiko hiriburuan atxilotuetako bi kide ospitalera eraman behar izan zituzten.
Ekainaren 15ean Bilbon atxilotutako zazpi kideak epaituko dituzte «muntai polizial bat oinarri», Ernaik salatu duenez. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete eta, guztira, 20.000 euro baino gehiagoko isun eta kalte ordainei aurre egin beharko diete, «autoritatearen aurkako atentatua» eta lesio delituak egotzita.
«Zazpi gazteak bizitza duinen alde borrokatzeagatik epaituko dituzte. Borrokatzea zilegi da eta ez dugu uste epaiketak aurrera jarraitu beharko lukeenik. Epaiketa muntai polizial baten ondorio da; argi ikusi genuen», adierazi zuen atzo Ane Alava Ernaiko bozeramaileak manifestazioa hasi baino lehen. Era berean, borrokan jarraituko dutela argi utzi zuen: «Gure auzoak eta Euskal Herria eraldatzen jarraituko dugu».
Elkartasunezko ekarpenak jasotzeko, Ernaik kontu korronte zenbaki bat zabaldu du herritarrek beren ekarpena egiteko. Jasotako dirua epaiketen gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko baliatuko da, aste honetan gazte antolakundeak jakinarazi duenez.
Adierazpenak
«Zazpi gazteek bizitza duinen alde borrokatzeagatik epaituko dituzte. Borrokatzea zilegi da eta ez dugu uste epaiketak aurrera jarraitu beharko lukeenik»
ANE ALAVA
Ernaiko bozeramailea
«Argi dago zein den Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren estrategia: bizi baldintza duinen alde egiten duten mugimendu sozialen aurkako estrategia bat dute!»
OIHANA GUENAGA
PCB-ITPko langilea

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
