Xabier IZAGA
GASTEIZ

Arabako Txapelketa, gora segitzen duen bertsogintza, Europa Biltzar Jauregian

Larunbatean jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Sei finalistetatik hiruk txapela jantzi dute aurrekoetan baina, duela hiru urte bezala, inoiz jantzi gabeko buru batera joatea ere ez litzateke harritzekoa. 17.30ean, Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre, Peru Abarrategi, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Manex Agirre izango dira Europa Biltzar Jauregiko saioan.

Berezia izan zen 2019ko finala, besteak beste zenbakiei begiratuta: emakume bi, lehen aldiz finalera iritsitako gazte bi, hiru aramaioar... eta aurten, ildo beretik jarraituta ere, beharbada bereziago. Berriro ere heren bat emakumeak dira, baina horietako bat ez da aurreko txapelketakoa, lehen aldiz jokatuko duena baizik, eta emakumeen presentzia, duela hiru urteko irudipena berretsita, dagoeneko ez da kasualitatea edo, Oihane Perea txapeldun handiaren kasuan bezala, salbuespena. Aramaioko eskolaren indarra ere ez dago frogatu beharrik; izan ere, finala jokatuko duten sei bertsolarietatik lau aramaioarrak dira.

Leku aldaketa ere badakar berekin aurtengo txapelketak, hainbat final jokatu diren Principal antzokiak barik Europa Biltzar Jauregiak hartuko baitu edizio honen finala, pandemiak txapelketa arteko denbora urtebetez luzatu ostean. Bertan aurkeztu zuten atzo goizean eta, hain zuzen ere, agertoki berriak ere egingo du bereziago. Eta bereziak dira, badirenez, baina ez atzo goizekoak, lehiakideen arteko giro ederra eta elkartasuna.

Hogeita hamar bertsolarik parte hartu dute aurtengo txapelketan, Amurrio, Guardia, Trebiñu, Legutio eta Langraizko saioetako final-zortzirenetan. Horietatik 18 igaro ziren final- laurdenetara; Dulantzi, Zigoitia eta Aramaioko saioetan kantatu zuten, eta puntuaziorik altuenak lortu zituzten 12 bertsolariek finalerdiak jokatu zituzten Araian eta Izarran. Saio bi horietako irabazleek eta puntu gehien lortu zituzten hurrengo laurak dira zapatuan lehiatuko direnak.

Lehiatua eta maila onekoa

Egoitz Iradier Txapelketako arduradunak aurkeztu ditu txapela janztea helburu duten sei bertsolariak: Iñaki Viñaspre abetxukuarra, gaur egungo txapelduna, berak ere txapelketa berezia duena, adar soinuan esan zuenez txapelaren jabe dela kantatuko baitu lehen aldiz; Oihane Perea Gasteizko zalduondarra, lau txapel jantzi eta Arabako txapelketa guztiak jokatu dituena; Paula Amilburu aramaioarra, lehenengo finala izan eta «helburu bat lortuta» orain beharbada beste bat duela dioena; Manex Agirre, hala berean aramaioarra, sekula baino lasaiago eta konfiantza handiagoarekin iritsi dena finalera, eta ez du lehena, ezta hurrik eman ere, orain arte txapel bi jantzi ditu eta; Xabi Igoa, hau ere aramaioarra, aurrekoetan ez bezala bere laugarren finalean oholtzara benetan lehiatzera igoko dena, eta Peru Abarrategi herri berekoa, bere bigarren finalean, «galtzaile ona izanda ere», helburua irabaztea duena.

Serapio Lopez Ortueta Arabako lehen bertso eskolaren sortzaileetakoak jantziko dio txapela irabazleari. 1982tik gaur artean bertsolari, irakasle eta antolatzaile jardun du, eta bere ibilbidea eskertzeko, Arabako Bertsozale Elkarteak txapelaren ardura eskaini dio. Horregatik ere berezia da Oihane Perearentzat final hau; duela 30 urte bertsolari beteranoaren ikasle zeneko garaia ekarri zuen gogora, eta jarraian gaur egun semeek, koskortuta, txapelketan jarraitu diotela amari.

Bat etorri ziren denak oso txapelketa lehiatua eta maila onekoa izan dela esanda eta finalera iritsi ez direnak gogoratuta: sailkatzeko atean geratu direnak eta hurrengo txapelketetako finalean izango direnak, Abarrategik esan zuenez, Arabakoa «gora datorren bertsolaritza» da eta. Beraz, erraz ondoriozta liteke harrobi falta ez dagoela eta etorkizuna duen bertsolaritza dela.

Arabako bertsolaritzaren ezaugarriak biltzen dituen seikotea. Zenbait belaunalditako katea, Igoak nabarmendu zuen bezala, batzuen ikasleak izan direnak beste batzuen irakasle baitira. Arantxa Sobrino aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-jartzaile, gora datorren bertsolaritza entzuteko aukera, bertsozaleen gozamenerako, eta Iñaki Viñaspreren asmo eta desioa: leku berrian final berezia egiten asmatzea. Horretarako gai direla erakutsi dute dagoeneko.

Sarrerak aldez aurretik erosteko gomendatu zuten, bertsosarrerak.eus webgunean.