Iraide IBARRONDO
KLASIKOEN IRAKURRALDIA ARRIAGAN

Saizarbitoriaren «Martutene», ehunka lagunen ahotan

Klasikoen Irakurraldiaren XV. edizio honetan, «Martutene» Bilbora ekarri zuten atzo. Horrela, irakurketaren bidez, Ramon Saizarbitoriak Donostian girotu zuen eleberria Arriaga antzokian omendu dute, orotara, literatura-ekimenean parte-hartu duten 500 lagunek baino gehiagok.

Oinezkoak, Arriaga antzokiaren aurrean jarritako pantailaren aurretik igarotzen.
Oinezkoak, Arriaga antzokiaren aurrean jarritako pantailaren aurretik igarotzen. (Marisol RAMIREZ | | FOKU)

«Martutene. Donostiako auzoa. Loiolaren eta Astigarragaren artean kokatua. Urumea ibaiaren hegoaldeko erriberetan eta izena urteetan ‘El Estanco’ taberna egondako baserritik hartu zuena», “Martutene” (2012) eleberriaren lehen lerroekin abiarazi zuen Ramon Saizarbitoria idazleak (Donostia, 1944), atzo goizeko zortzietan, Klasikoen Irakurraldiaren XV. edizioa. Alabaina, istorioa kokatzen den Donostian egin ordez, Bilboko Arriaga antzokian egin zen, urtero bezala, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako literatura ekimena.

Saizarbitoriaren ostean, 14.00ak arte, 500 irakurle inguru pasatu ziren txandaka antzokiko foyerrean kokatutako atriletik.

Giro atsegina izan zen nagusi, baina urduritasuna ere sumatzen zen irakurtzeko txandaren zain zeuden bertsolari, eragile, idazle, agintari, ikasle, euskaltzale eta kultura arloko pertsonen artean; guztiak ere egokitu zitzaien pasartea, norbere baitan, behin eta berriz entseatzen ibili ziren -GARA, Toti Martinez de Lezea idazlea, Koldo Tellitu ikastolen elkarteko lehendakaria, Xabier Amuriza bertsolaria eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, tartean-.

Hala ere, Euskal Herriko aurpegi ezagunez gain, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleek, diasporako 50 euskal etxetako kideek eta Bizkaiko hiriburuko institutuetako ikasleek ere egin zioten euren ekarpena irakurketaren maratoiari.

Klasikoen irakurraldiaren historian lehen aldiz, parte-hartzaile batzuek aurretiaz grabatu zituzten euren pasarteak, ekimenaren formatu hibridoa estreinatuz. Adibidez, Txileko Santiagoko euskal etxea eta institutuetako ikasleak era horretan atxiki ziren irakurraldira.

Bestetik, atrilaren aurrean kokatutako kamera batek zuzeneko emisioa eskaini zien goizean zehar Arriaga aurretik pasatu ziren ibiltariei, plazan bertan pantaila erraldoi bat kokatu baitzuten. Era berean, EITBren webgunetik ekimena ‘online’ ikusteko aukera ere egon zen.

Bikoteen joan-etorriak

Iragan urtean irakurritako Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” (1545) euskaraz idatzitako lehenengo liburuarekin alderatuz, gaurkotasun handiagokoa, hurbilagoa, izan zen “Martutene” nobelan kontatutako bi bikoteen gorabeheren eta krisien inguruko istorioa.

«Kontaketa eten du esku zabalduak besagainen parera altxatuta apaizek ofertorioan izaten duten jarrera horretan, trabesean ebaki buru mokoluzeari so, miazkatu gabe legokeen zerbaiten bila, hezur guztiak baitaude garbi eta soil, besoak atzera gurutzatuz aitortzen dio bera ere urduri zegoela, bateko hau eta besteko hura hiru ordu baino gehiago zeramatzalako erre gabe»; pasarte hori izan daiteke pertsonaien bizitzetako joan-etorrien adibideetako bat.

Zehazki, kontakizunak Martin idazlearen, Julia itzultzailearen eta medikuak diren Pilar eta Abaituaren bizitzak ditu ardatz; hain zuzen, Lynn soziologo amerikarraren etorrerak lau protagonisten arteko harreman lokartuak astintzen ditu, aspalditik baztertuta zituzten sentimendu eta nahiak berpiztuz.

Zenbaitek “Martutene” Saizarbitoriaren obra intimoena, pertsonalena eta euskal literaturako azken aroetako obra onenetarikoa dela uste dute. Hain justu, bere lehen argitalpenetik hamar urte bete ditu lanak aurten.

Premisa horretatik abiatuta ulertu behar da Saizarbitoriari berak idatzitako lerroak ozen irakurtzeak «lotsa» ematea. Hala aitortu zuen atzo komunikabide eta antolatzaileen aurrean.

Dena den, lotsak une batez alboratuta, bai euskarak bai euskal literaturako klasiko honek ikusgarritasuna, errekonozimendua eta elkartasuna jaso zituzten, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako irakurraldiaren eskutik.