GARA
BILBO

DSBEren erreformaren aurka egingo du Eskubide Sozialen Kartak

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) legea berritzeko proiektuaren aurkako mobilizaziora deitu du uztailaren 5erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Proiektu horrek egun aplikatzen diren murrizketak finkatuko dituela uste dute plataforma osatzen duten hamarka eragileek.

Mobilizazioa Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean hasiko da 11.30ean, eta honako aldarrikapen nagusiak plazaratuko dituzte: lehenik eta behin, proiektua bertan behera utz dadila; 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera utz daitezela; Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onar daitezela eta talde parlamentarioek neurri horiek defenda ditzatela; eta babes sistemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea ireki dadila.

Legebiltzarrean agerraldia.

Astelehen honetan, lege erreforma honen aurkako posizioa azaldu zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Gasteizko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Bertan, Lakuako Gobernuak diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan planteatzen duen proiektua salatu eta aldarrikapenak plazaratu zituzten.

Eskubide Sozialen Kartak gogora ekarri zuenez, pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako Herri Ekimen Legegileak 51.000 sinadura baino gehiagoko babesa jaso zuen. Hala eta guztiz ere, kritikatu zuen hura eztabaidatzeko tramiterako aukerarik ere ez zela eman.