Maite UBIRIA
BAIONA

«Parisen isiltasuna urratzeko balio behar luke hautetsien sostenguak»

Baionako kolegioko lagunek egin zuten atzo goiz parteko txanda Hezkuntza Ikuskaritza frantsesak Baionan duen egoitzan, asteazkenean abiatutako protestak zutik iraunaraztea helburutzat hartuta. Arrats erditsuan, berriz, Ziburukoek eman zuten erreleboa protestaldiaren hirugarren eguna osatze aldera.

Seigarren hautesbarrutiko hautagai Tom Dubois (Nupes) eta Peio Jorajuria, atzo goizean kalakan Ikuskaritzaren kanpoaldean.
Seigarren hautesbarrutiko hautagai Tom Dubois (Nupes) eta Peio Jorajuria, atzo goizean kalakan Ikuskaritzaren kanpoaldean. (Guillaume FAUVEAU)

Hirugarren eguna bete zuen atzo Azterketak Euskaraz dinamikaren barruan frantses Hezkuntza Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan Seaskako irakasle, guraso eta ikasleek abian emandako okupazio ekimenak. Egunean zehar Baionako Estitxu Robles kolegioko lagunek bermatu zuten gehienbat txanda. Arratsalde erditsuan Piarres Larzabal kolegioko ordezkariak heldu ziren erreleboa hartzera. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak GARAri azaldutakoaren arabera, tenore horretan 50 bat lagun ziren egoitzan «Pariseko Hezkuntza Ministerioaren aldetik erantzuna jaso zain».

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak alerta gorria piztu zuen hain zuzen atzo arratsaldean, bai kanpoaldean bai klimatizazioa ez duten egoitzetan jende bilkurak debekatuz berotearen eraginak ekiditeko. «Klima piztu dugu, gu normetan gara», erran zigun Jorajuriak urte eta hilabete luzez Ipar Euskal Herriko ikastolek eraman duten borrokari umore puntu bat ezarriz. Izan ere, azken egunetan bezala atzo ere «telefono dei eta bisita anitz» ukan zituztelako kontent azaldu zen Seaskako lehendakaria.

Ostegunean euskalgintzako hainbat ordezkari bertaratu zitzaien, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen aldetik ere «sostengu beroa» sentitu zuten. Biarritzen biltzar nazionala egin duen LAB sindikatuaren ordezkaritza zabala ere heldu zen, bestalde, Seaskako ikasleek azterketak beraien hizkuntzan egiteko duten eskubidea babesteko.

Hautagaien hitzak.

Hauteskunde legegileen bi itzulien artean eman du abian Azterketak Euskaraz dinamikak bere desobedientzia ekimena. Horren ondorioz, hauteskunde kanpainan zehar aski presente izan den hizkuntz eskubideen gaia erdigunean kokatu da. Are, hautagaien azken uneko bira eta mezuengan eragin argia izan du Ikuskaritzan garatutako protestak.

Dagoeneko, asteazkenean bertan EH Baik gogor salatu zuen frantses Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen aurka bortizki oldartu izana. Ostegunean, berriz, EH Baiko departamendu kontseilaria den Iker Elizalde Ikuskaritzara joan zen eta, atzo, Nikolas Blain bozeramaileak sare sozialen bidez «polizia bortizkeria» arbuiatu eta azterketen auzia konpontzeko engaiamendu zehatzak hartzeko tenorea dela gehitu zuen, bereziki, igandean lehiatuko diren hautagaiak bere mezuaren jasotzaile eginez.

Zuzenki eta zeharka

Hezkuntza Ministerioaren mahaiaren gainean azterketen auzia ezartzeko buru belarri lanean jardun du azken hiru egunotan Seaskako «diplomaziak». Jorajuriak GARA egunkariari aitortu zionez, «guztiz harrigarria egiten zaigu ez Akademiak ez Errektoreak ez Ministerioak ere oraindik deus erran ez izana». Edonola ere, Seaskako buruak garrantzia eman zion hainbat hautetsiren eskutik jaso duten babesari. «Euskal Herriko hautetsi gehienek babesten dute gure eskaera, beraz, arazoa ez dago Euskal Herrian, Parisen baino, eta handik behar dugu erantzun argi bat jaso. Horren beha gaude», gaineratu zuen.

Bestalde, Seaskako lehendakariak garrantzia eman zion bihar seigarren hauteskunde barrutian aurrez aurre izanen diren bi hautagaiak, Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois (Nupes), atzo goizean Ikuskaritzara bertaratu izanari. Era berean, «modu orokorrean bada ere», Ensemble koalizioko hiru hautagaiek auziari buruzko agiri bat zabaldu izana ontzat eman zuen; «hau lurralde auzia da eta hori jakinarazteko urrats guztiak dira inportanteak».