Jon ORMAZABAL
PILOTA

Santuari ezin askoz gehiago eskatu udako lehen feria handirako

Altuna-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz A multzoan arituko dira eta Laso-Mariezkurrena, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisuk osatuko dute B multzoa. Denera 9 jaialdi eta 26 partida jokatuko dira aurtengo sanferminetako gizonen ferian.

Torneoan parte hartuko duten pilotari guztiak San Ferminen kaperan.
Torneoan parte hartuko duten pilotari guztiak San Ferminen kaperan. (Idoia ZABALETA FOKU)

Entzierroetan korrika egiten duten lasterkariek santuari babesa eskatzen badiote, pilotazaleek ezer gutxi gehiago eska diezaiokete San Fermini, bere omenez esku pilota enpresa profesionalek aparteko feria antolatu baitute Iruñea jaiaren epizentro bilakatzen den egun horietarako. Albisterik onena azken bi urteetako murriztapenen ondoren -duela bi urte ez zen torneorik ospatu eta iaz feriaren osagairik nagusiena diren pilotazalerik gabe jokatu zen- udako lehen feria garrantzitsuak normaltasuna berreskuratzen duela da. Denera, uztailaren 7an hasita, bederatzi jaialdi eta 26 partida jokatuko dira goraino betetzea espero den Labriten.

Eta itzulerarako enpresek daukaten onena eramango dute Iruñera. San Fermin eguneko eguerdiko ohiko lau eta erdiko finalaren ostean, gau horretan bertan binakako torneoa hasiko da, bi multzotan banatutako sei bikoterekin. Altuna-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz A taldean arituko dira eta Laso-Mariezkurrena, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisuk osatuko dute B multzoa.

LASO, BI ALDIZ POZIK

Txapeldunaren elastiko gorria soinean, Unai Laso izan zen atzo eguneko protagonistetakoa eta Bizkarreta-Gerendiainekoak bazituen pozik egoteko motiboak. Batetik, bezperan Bilbon enpresarekin bildu zen bere kontratu berriaren inguruan hitz egiteko eta, aitortu zuenez, «dena ondo joan zen, posturak asko gerturatu genituen eta espero dut aste honetan bertan akordio berria sinatzea». Bestalde, aspaldiko nahi horietako bat betetzeko modua eskainiko dio enpresak, bere lagun min Jon Mariezkurrenarekin osatuko baitu bikotea Iruñeko ferian.

Maiatzaren 15etik kantxetatik kanpo, tartean ebakuntza bat ere egin diote hatzean zuen konkor bat kentzeko, pilotazaleek badute Jokin Altuna berriz ere jokatzen ikusteko gogoa, baina amezketarrak tentuz aritu nahi du. Berez, hilaren 29rako du iragarria itzulera, baina oraindik ba omen du zalantzaren bat. Ebakuntza bera baino, Buruz Burukoa jokatzen ari zela izandako ezker eskuko mina da bere kezka iturria.

Aspaldiko jaialdirik borobilena Galarretan

Astelehena izan arren, aspaldiko jaialdirik borobilena jokatu zen Galarretan. Harmailetan 1.200 lagun zirela eta giro handiarekin jokatu zen Sagardoaren Txapelketako finala, eta kirol ikuspuntutik ere partidak sortutako ikusminari erantzun zion. Azkenerako Urriza-Zubirik Larre Gaini eman zioten txapela, Setienen ordezkari aritu ziren Ansa II.a-Juaneneari 30-28 gailenduta. Hortaz, Ansa ikasleak Urriza maisua final batean menperatu ezinik jarraitzen du. Are, iruindarra sasoiko helduko da urteko garairik garrantzitsuenera, Buruz Burukoaren garaira.

Beste behin ere, Javi Urriza izan zen partida ikusgarri eta orekatu bateko pilotari onena. Finaletan bere onena ematen duen horietakoa da eta Zubirirekin txapelketa perfektua jokatu du, partida denak irabazita. GARA