GARA
BAIONA

Jendarmeek lau gazte atxilotu dituzte Senperen pintaketak egitea egotzita

Jendarmeek lau gazte atxilotu zituzten atzo goizean Senperen, tartean herri kontseilari bat. Polizia operazioak herriko zenbait higiezin bulegotan eginiko pintaketekin zerikusia du. Arratsaldeko zazpietatik goiti mobilizazio jendetsua egin zuten herrian polizia operazioa salatzeko.

Ehunka lagun bildu ziren mobilizazioan.
Ehunka lagun bildu ziren mobilizazioan. (Guillaume FAUVEAU)

Jendarmeek lau gazte atxilotu zituzten atzo goizean Senperen, herriko zenbait higiezin bulegotan eginiko pintaketekin zerikusia duen polizia operazio baten barruan. Pintaketak egitea, «gaizkile taldeko kide izatea» eta «heriotza mehatxuak egitea» leporatu diete arratsaldean Pauerat eramanak izan ziren lau senpertarrei. Gazteetako bat etxean bertan atxilotu zuten aurpegia estalita zuten jendarmeek, beste bat kalean atzeman zuten eta gainerako biak Dantxarineko biribilgunean.

Arratsaldean, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu zuten “Utz gazteria bakean. Errepresiorik ez, atxilotuak askatu!” lemapean Senpereko Herriko Etxearen aurrean. 300 bat lagun elkartu ziren bertan.

Senpere Bai udal taldeak mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egin zien herritarrei agiri baten bidez, «sostengu osoa helarazteko lau gazteei, baita haien familia eta hurbilekoei ere». Atxilotutako lau gazte senpertarrak herriko biziaren parte aktibo direla gaineratu zuen udal taldeak, jarduera anitzetan inplikatuta daudela nabarmenduz. Horien artean besta komitea, gaztetxea, dantza taldea eta SPUC kirol elkartea aipatu zituen Senpere Baik. Horrekin batera, lau atxilotuetako bat Herriko Etxea gobernatzen duen taldeko hautetsia dela jakitera eman zuen.

Anartean, beste hainbat eragilek ere gazte senpertarren aldeko elkartasun mezuak zabaldu zituzten sare sozialen bitartez. «Frantses Estatuak gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu errepresioa eta gazteriaren kriminalizazioaren parioa eginez», salatu zuen EH Baik.

Xuti gazte dinamikak ere elkartasuna helarazi zien atxilotuei. «Lau gazte atxilotuak izan dira espekulazioaren aurka borrokatzeagatik. Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugula aldarrikatzea ez da delitua. Gazteriaren arazoei ezin zaie errepresioarekin erantzun», nabarmendu zuen Xutik.

LAB sindikatuak ere Estatu frantsesak «herriaren aldarrikapenak ukatzen» segitzen duela salatu zuen.