Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Tapia banintz

Tapia banintz, berak bezala, alfonbra gorritik bi zentimetro harantzago egingo nuke Victoria Eugeniako agertokirako bidea, batzuetan, alfonbrei darien bixkak zapata-zolatik helduta, bertan itsatsita ez gertatzeko. Ez nuke karga gehiegi eramango soinean, batetik bestera arin mugitzeko, eta txokoren bat topatuko nuke, lurrean lasai eseri ahal izateko; erosoegi sentitzea baino gaixotasun okerragorik? Ez ninduke bertigoak joko, ez noski, Tapia nintzatekeelako, baina eszenatokia, gutxienez, metro bat behera jaisteko tramankuluak eskura edukiko nituzke, patrikan edo. Eta enpresak jarritako trajea ez nuke zorrotik aterako, gero tindategira garbitzera eraman behar ez izateko.

Tapia nintzatekeenez, kamerinoetako ateetako txartelak lapurtu, eta nirearen ordez marrazki abstraktu, txiki eta bihurriren bat jarriko nuke, eta oso jende gutxiri emango nioke bertara iristeko moduko maparen bat. Eta ez nuke geldirik, leku berean, denbora gehiegi emango, ez horixe, aspertzen hasi baino lehen desenkusatu, altxa eta atzeko ateren batetik ospa egiteko aukera guztiak ez galtzeko. Eta bibotea kendu eta jarri egingo nuke, kendu eta jarri, aldez aurretik inor ohartarazi gabe. Ez dago mozorroa kentzea baina mozorro hoberik. Tapia izateak lituzkeen abantailak. Hori, eta mina ematerainoko sormena, eta ongi urratutako zapatak, eta amets egiteko urgentzia... «Neu Maradona banintz bere modura bizi izango nintzatekeen» zioen Manu Chaok “La Tombola” kantuan. Oraindik, dantzan dabiltza Victoria Eugeniako sabaiko biztanleak.