Martxelo DIAZ
DONOSTIA

Arriola: «Metroaren lanak motel baina seguru doaz aurrera Kontxan»

Donostiako Metroaren lanak «motel baina seguru» doaz aurrera Kontxa inguruan eta ez da espero gainkostu gehiago izaterik. Hori adierazi zuen behintzat atzo Iñaki Arriolak Benta Berriko geltokian, Lugaritz-Mirakontxa tartea amaituta dagoela iragartzeko ekitaldian. 2025ean obrak amaitzea espero dutela ere esan zuen sailburuak.

Iñaki Arriola, eskuinean, Benta Berriko geltokira egindako bisitan.
Iñaki Arriola, eskuinean, Benta Berriko geltokira egindako bisitan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Metroaren lanak «motel baina seguru» doaz aurrera Kontxa inguruan eta 2025en obrak amaitzea espero dutela nabarmendu zuen atzo Iñaki Arriola Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak. Gogoratu behar denez, tarte horretan lanak gelditu behar izan zituzten luizien ondorioz. Hala ere, lanak espero bezala doazela esan zuen, baita ez dela gainkostu gehiago espero ere.

Benta Berriko geltokian egin zituen adierazpenok atzo Arriolak. Lugaritz-Mirakontxa tartearen obrak amaitutzat eman dituzte dagoeneko Euskal Trenbide Sareak eta Lakuako Gobernuak, eta gelditzen den bakarra trenbidea eta katenaria jartzea eta urbanizazioari azken ukituak ematea da. Trenbidea eta katenaria Mirakontxa-Easo tartearekin batera jarriko dituzte.

Era berean, Antiguako bizilagunei lanak egiteko okupatutako 10.000 metro koadro itzuliko dizkietela azpimarratu zuen Arriolak. Aurrerantzean sarbide berriek, igogailuak eta aireztapen putzuek izango duten segurtasun hesia izango da aipatu eremu horretako okupazio bakarra Metroa zerbitzuan izan arte. Duela bi astetik, Snohetta norvegiar estudioaren markesina ikus daiteke kiroldegiaren alboan.

Lugaritz eta Mirakontxa arteko tarteak 2.140 metroko luzera du eta 83 metroko sakonerara heltzen da. Tarte horretan 166.000 metro kubiko lur atera dituzte.

Aipatu tarte horretan geltoki berri bakarra dago, atzoko ekitaldia egin zuten Benta Berrikoa. Bertara heltzeko bi sarrera izango dira. Bata, Antiguako kiroldegiaren alboan, Bertsolari Xalbador kalean. Bigarrena, Benta Berri plazan.

Bitartean, Eason egongo den geltokian, talde teknikoak kofratuak eramateko orga muntatzen ari dira, behin betiko hormigoizko egiturazko estaldura egiteko. Horrekin batera, Loiolako eta Xabier Zubiriko sarbide kanoietako obrek aurrera jarraitzen dute eta hasi dira San Bartolome kaleko aireztapenarekin.

Easo kale inguruan egingo diren lanek, bestalde, 21.000 metro koadroko azalera «liberatuko» dute, «hiriarentzako lehen mailako aukera urbanistikoak zabalduz».

AHTaren lotura.

AHTaren “Euskal Y” delakoak Nafarroarekin izango duen loturari buruz ere galdetu zioten Iñaki Arriolari. Aurki Nafarroako Gobernuarekin eta Garraio Ministerio espainiarrarekin bilera egingo duela aurreratu zuen. Bertan, txosten teknikoetan aukerarik hoberena hautatuko dutela azaldu zuen.

Egun dauden bi aukeren artean Lakuarentzat zein den gustukoena galdetu ziotenean (Gasteiztik edo Ezkiotik lotura egitea), ez dutela ez bataren ez bestearen alde egiten erantzun zuen. Administrazio guztientzat egokiagoa zein den «txosten teknikoen arabera» erabakiko dutela azpimarratu zuen sailburuak.