GARA
GASTEIZ

Nestor Sanmiguel Diesten 80 artelan ikusgai Artiumen

Artium museoan «Nestor Sanmiguel Diest. La peripecia del autómata» erakusketa izango da azaroaren 1era arte

Bisitariak erakusketan.   FOKU
Bisitariak erakusketan. FOKU (Endika PORTILLO)

Atzo ireki zituen ateak Nestor Sanmiguel Diesten erakusketak, 80 artelan ingururekin, bere lan-koadernoetako marrazki sorta zabalaz gain.

Bi erakusketak osatutako komisariotza-proiektu bakar baten parte da erakusketa hau: Artium museoarenak eta joan den ekainaren 2an Madrilgo Reina Sofia museoan aurkeztu zenak.

Bere burua «lantegiko artistatzat» duen egile baten jardueran murgiltzeko aukera ematen du erakusketan marrazten duen ibilbideak.

Erakusketaren kronologia 80ko hamarkadaren amaieran hasten da. Garai hartan, artistak bi lan zituen: bere estudioan aritzen zen, batetik, eta ehungintzako lantegi bateko patronista ere bazen. 2000. urtera arte ez zuen zeregin hori erabat utzi.

Lanbide horretan aritzearen ondorioz, logika zehatza aplikatzen du lan-prozesuetan, eta fabrikako espazioari eta ikonografia militanteari buruzko keinu eta erreferentzia iraunkorrak egiten ditu. «Industrian bezala, Sanmiguel Diest-ek egunean zortzi orduko (gutxienez) lanaldia egiten du bere estudioan ekoizpen sistematizatu bat gauzatzeko. Artistaren lantegira transferitutako muntaia-katea. Bertan, ohikoa da trokelak, patroiak eta matrizeak erabiltzea bere piezen barruan, collage gisa, frottage eta kopiaren bidez», azaldu zuten atzo. Bilduma pribatuetako lanak, egilearen jabetzakoak eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bildumako lau margolan biltzen ditu (“En la penumbra de tu corazón”, 1994; “Los sentimientos no expresados del lehendakari”, 2004; “El arte de esquivar”, 2004, eta “La hija del capitán”, 2004).