Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Bost euskaldun, uda girotsuko lehen txapliguan

Elexpuru, Pinedo, Zubieta, Martinez de la Peña eta Uria urrearen bila arituko dira gaur hasiko den Europako 19 urtez azpiko txapelketan.

Denboraldi bikain honi ginga jarri nahi dio Mirari Uriak udako txapelketa handietan. FOKU
Denboraldi bikain honi ginga jarri nahi dio Mirari Uriak udako txapelketa handietan. FOKU (Gorka RUBIO)

Futbolzaleek badute zerekin entretenitu hurrengo asteotan, bost kontinentetako txapelketa nagusiak jokatuko baitira. Hain uda girotsuko lehen txapligua gazteek botako dute, gaurtik uztailaren 9ra bitartean Txekiar Errepublikan jokatuko den Europako 19 urtez azpiko txapelketarekin. Bost euskal jokalari daude bertan, Espainiako kamisetarekin urrea eskuratzeko asmoz. Athleticeko Ane Elexpuru, Clara Pinedo, Maite Zubieta eta Amaia Martinez de la Peña eta Realeko Mirari Uria dira, hain zuzen ere, Jana Xin Alaveseko atezainarekin batera, helburu bikoitzarekin bidaiatu duten futbolariak; izan ere, dominen borrokan sartzeaz gain, Pedro Lopez hautatzailearen konfiantzari eutsi nahi diote, abuztuan Costa Ricak hartuko duen Munduko Txapelketan ere parte hartu nahi baitute.

«Oso pozik» agertu da Mirari Uria GARArekin hizketan, «oso maila altua baitago eta ez da erraza deialdietan sartzea». Azpeitiarrarentzat, gainera, «ametsetako denboraldi baten ginga da», Realarekin denboraldi historikoa izan ondoren. «Benetan ederra izaten ari da urtea. Txapeldunen Ligarako sailkapena, bigarren postua... Gainera, harrobitik igo den futbolari batentzat egundokoa da denboraldi honen partaide izatea. Eta eskertzekoa, izan ditudan minutu guztiak izatea».

Espainiako selekzioarekin esperientzia antzekoa izaten ari da. Denboraldi honetan debutatu du 19 urte azpikoekin eta taldeko golegile nagusia bilakatu da Europako Txapelketarako sailkapen fasean. Ibilbide pertsonal zein kolektiboari eusteko asmoarekin bidaiatu du eta hiru aldiz (2014, 2017, 2018) urrea irabazi duen taldearekin dominen borrokan egotea espero du. «Oso talde ona daukagula uste dut. Gainerakoek ere sekulako jokalariek dituzte, baina orain arte bezala, eguneroko lanean jarraitzen badugu, zerbait handia lortzeko aukera dagoela uste dut, Europako zein Munduko Txapelketan».

Ez da erraza izango, halere. «Munduko Txapelketa luzea da eta alde fisikoak ere garrantzi handia izango du. Europakoa motzagoa da, bost partida gehienez, baina kalitate eta eskarmentu handiko taldeak dira. Alemaniak sei aldiz irabazi du, Frantziak lautan, Espainiak hirutan... Txekia da esperientzia gutxien duena, baina etxean jokatzen du eta hori nabarituko da. Gainera, oso talde gogorra da», azaldu du. Oroitzapen ona du Uriartek berak talde horren inguruan, hat-tricka ospatu baitzuen sailkapen fasean anfitrioien kontra jokatutako neurketan.

Txekiar Errepublikarekin berarekin, Frantzia indarreko txapeldunarekin eta azken lagunartekoan gainditu zuen Italiarekin dago Espainiako selekzioa A multzoan. B multzoa Ingalaterrak, Alemaniak, Norvegiak eta Suediak osatzen dute. Multzo bakoitzeko bi onenek finalerdiak jokatuko dituzte.