Iker GURRUTXAGA

Elkarren arteko zaintzaren fruitua da Amooma taldearen «Soul biscuit»

Mingain bizia eta erritmo dantzagarriak, aldarrikapena eta festa uztar daitezkeen adierazle. Gallarta aldekoak dira batzuk, eta besteak, bilbotarrak, nahiz eta Bilboko taldetzat duten euren burua. «Soul biscuit» diskoa aurkezten izan da Imanol Urgoiti bateria-jotzailea «MusikHaria» saioan.

Kontzertu bateko irudia.
Kontzertu bateko irudia. (Iker GARCIA MILLAN)

2018ko abenduan elkartu ziren eta urte erdian show bat prestatu zuten; Bilboko Aste Nagusian eskaini zuten lehen emanaldia, Komantxe konpartsan, eta «justu bandak behetik gorako bidea hartu zuenean», bi urteko sormen prozesu batean murgildu ziren egoerak hala behartuta. Gerora Deustuko festetan eta Zorrotzaurreko La Terminalen eman dituzte disko berria aurkezteko kontzertuak. «Badugu gogoa uda on bat pasatzeko eta pasaraztekoa, eta ea aukera gehiago sortzen diren», esan digu bilbotarrak.

Musika beltzaren bueltan sortutako proiektua da, funkya, rhythm and bluesa, soula… denetarik jorratzen dute. «Hamaika pertsona gara taldean eta bakoitza bere eremutik gatoz. Sortzen dugunaren erdiko puntu horretan musika beltza dago eta talde moduan batu egiten gaitu», aipatu digu Urgoitik. «Irunek eta Rubenek elkarrekin ikasten zuten eta pixkanaka elkartzen joan ziren. Ikasten zuten tokian eman zuten lehen kontzertua eta gerora batu nintzen ni neu ere. Orduan sortu genuen ‘Welcome to Bilbo’ kantua eta hasi ginen maiztasun batekin entseatzen eta halakoak. Pixkanaka-pixkanaka kantak sortuz joan ginen, Sergio batu zen taldera eta kontzertuak ematen hasi ginen», kontatu digu bateria-jotzaileak.

Funkaren olatuan.

“Maldan behera” kantuak irekitzen du disko berria eta elementu asko ditu, soul estiloko introa, funk erritmoa gitarretan eta orokorrean hip-hop erritmoa du. «Funk estiloa dagoela esango nuke raparen zainetan. 60ko hamarkadan sortu zen rapa eta gisa horretan funk biniloei bueltak eman, zatitxoak hartu eta horren gainean hasi ziren rap abeslariak. Purutasun hori badugula esango nuke, guri gustatzen zaigu hori, eta rapa bogan badago ere, eta gure kantuetan entzuten da, haien aitzindariak presente eduki nahi izan ditugu diskoan», azaldu digu Urgoitik. Bilbon funk talde asko direla kontatu digu, baina raparekin nahastuta ez zutela gehiegi ikusten eta ideia original moduan gisa horretako abestiak sortzea izan dute helburu. «Nabaritu dugu, gainera, funk talde asko atera direla azkenaldian Euskal Herriko eszenan eta horrek poztu egiten gaitu. Elkartasun bat sor daiteke eta hori beti da pozgarria», nabarmendu du Amooma taldeko kideak.

Abesti horretan «musikan dena galbahe beretik pasa eta antzekotasunera» bideratzen dutela salatu nahi izan dute: «Gu ez gara identifikatuta sentitzen horrekin eta gure burua pixka bat galduta ikusten dugu. Konturatzen gara musika identitate pertsonalizatuen kontu bat bihurtu dela eta hortik ihes egin nahi izan dugu. Banda baten nortasuna bilatu nahi izan dugu, gure arteko harremanak indar handia duela uste dugulako eta hori zaindu beharreko zerbait da». Taldearen izenari buruz galdetu nahi izan diogu bidenabar: «Kasualitatez iritsi zen izen hori, baina gerora konturatu gara, bada, familian bezala, gure artean ere badagoela elkarren arteko zaintza bat. Hortaz, gure amonak etortzen zaizkigu burura, pertsona goxo eta garrantzitsuak izan direnak, eta horri lotu diogu taldearen izena. Gero, bi O zergatik jarri dizkiogun? Bueno, bada, palindromoa ere osatzen delako».

Diskorako kolaboratzen izan dituzte hainbat lagun. «Guda Dantza taldeko Jon Basañez hasieratik egon da gurekin laguntzen eta bere anaia Ander izan da disko honetan lagundu duen beste pertsona haize-sekzioan. Gero, perkusioetarako David Mellado izan dugu bidelagun; La Tokokera taldean jotzen du eta artista hutsa da. Diskoak beste maila bat hartu du horiekin guztiekin, lokalean genituen kantuak abiapuntutzat hartzen baditugu», esplikatu du Amoomako kideak. Zuzenekoetan, momentuz, saxoarekin soilik izango dira «ez baita erraza haize sekzioa osatzeko musikari gehiago topatzea». Momentuz ez dute ezer programatuta botako zuzenean, nahiz eta «rap munduan asko egiten den zerbait izan. Bandaren nortasuna genero moderno bat musika organikoarekin egitean zentratzen da».

Kapitalismoari kritika zorrotza egin diote “Urte mugatuak” abestian. «Irunek esaten duen moduan, betikoei eragiten diete kapitalismoaren kalteek, eskala sozialean azpian daudenei. Hirian bizi gara eta herri batera joaten garenean bertako lasaitasunak ere asko laguntzen digu atseden hartzeko garaian. Hori ere bada klima larrialdiaren inguruan dagoen zerbait, hiri batek duen kutsadura akustikoa. Antsietate maila areagotzen du hiriak eta hori ere bada albo kalte bat», agertu du bilbotarrak.

Aldaketei aurre egiten.

Kanturen batean bi hizkuntza nahasten dituzte, baina modu naturalean sortzen den zerbait dela kontatu digu: «Bizi garen tokian, askotan horrela hitz egiten dugu. Zerbait hizkuntza batean ateratzen ez zaigunean, bestera jotzen dugu. Baina, bestalde, mezuak bi hizkuntzetan ematean jende gehiagorengana ere irits zaitezke, baina hori hitzen egileei galdetu beharko genieke». Taldean Peru, Manza eta Irune dira abesten dutenak. Irune Bartzelona aldean dago eta etortzen denean taldeko beste kide bat bada ere, kontzertuekin eta talde dinamikarekin aurrera jarraitzen dute Amoomakoek Manzarekin.

«Piztu Bilbo, itzali MTV».

«Amets egitea ere gustatzen zaigu, batez ere esna gaudenean», eta horren inguruan hitz egiten dute “Solo de ida” kantuan. Horri «no necesitamos promotoras» esaldia gehitu behar zaio; izan ere, taldeko kide batzuek “Piztu Bilbo, itzali MTV” abestian ere hartu zuten parte: «Gure taldean zeharka dagoen gai bat da promotore horien beharrik ez egotearena. Espazio autogestionatuen aldeko kantua da aipatu duzuna eta gu ere horren atzetik gabiltza. Gure musika egiten dugu, gure sormen lana egiten dugu eta gure kabuz kudeatzea gustatzen zaigu. Gure kolaborazioak eta lan egiten dugun pertsonak ere gure ingurukoak dira, horretan sinisten dugulako».

Musikalki reggaearen linea daraman baxu bat entzun daiteke, abestia dub organiko moduko bat bihurtuz. «Hori da gure betiko borroka, zer generotako abestia egin dugun zehaztea. Nire ustez, kantu hau oso raperoa da, baina baxuaren lineak badu reggae kutsu hori, hortik gatozelako eta hor batzen garelako guztiak, musika beltzaren bueltan», azpimarratu du Imanol Urgoitik. Urtzi Izarekin grabatu dute diskoa Eten soinu-espazioan: «Uste dut Who Killed Laika taldea dela gure aurretik estudio berrian grabatu duen talde bakarra. Urtzirekin hartu-emanean hasi ginenean oraindik dena atontzen zebilen eta itzuli ginenean dena aldatuta zegoen. Asko lagundu digu grabaketa prozesuan eta gauza pila bat ikasteko aukera izan dugu berarekin».

Musikariaren zikloa.

“Ur urdina” kantuaren atzean dagoen metaforaren inguruan galdetu diogu Urgoitiri, kantua hobeto ulertu nahian: «Aipatu behar dut Peru dela abestien hitzak idazten dituena, bereziki disko honetan oso modu metaforikoan idatzi ditu abestien hitzak. Kantu honetan euri tantak sinbolizatzen duena da nola artista bat mendi batean jausten den eta uraren zikloa betetzen duen. Ur gozoan hasi eta ur gazitan bukatzen du urak askotan. Antzekoa da, baina ez da berdina, eta influentzia desberdinek musikariarengan duten efektua antzekoa da. Musikalki kantua intentsitatez igoz doa, baina errekurtso ohikoenak erabili gabe; hau da, ez du ez distortsiorik ez zarata handirik».

Diskoa euskarri fisikoan kaleratzeko asmotan dira, baina bitartean digitalean eskuratu daiteke. «Bideoklipak ere ikusteko moduan daude eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Sekulako lana egin dute bideogintzan aritu direnek eta gure ideiak bikain landu dituztela esan dezakegu», bukatu du Urgoitik. Gisa horretara gozatu beharko dugu Amoomaren musikaz, kontzertu gehiago iragarri bitartean.