GARA
DONOSTIA
MELILLAKO SARRASKIA

Melillako mugako sarraskia gogor salatu dute Bilbon eta Donostian

Iragan ostiralean Melillako hesian gutxienez 27 hildako eragin zuen polizia-operazioa salatu zuten atzo hainbat pertsonak Euskal Herrian. Marokoko zein Espainiako gobernuei egotzi zieten erantzukizuna eta Pedro Sanchez gogor kritikatu zuten marokoar Poliziaren lana goratzeagatik: «Etika alde batera geratzen da gizatasuna kendu zaien pertsonei buruz ari garenean».

Melillako sarraskia salatzeko Bilbon egindako elkarretaratzearen irudi bat.
Melillako sarraskia salatzeko Bilbon egindako elkarretaratzearen irudi bat. (Monika DEL VALLE FOKU)

Ostiralean Melillan gutxienez 27 pertsonaren heriotza eragin zuen Maroko eta Espainiako polizien operazioa gaitzesteko elkarretaratzeak egin ziren atzo Donostian eta Bilbon.

Bilboko elkarretaratzera arropa beltzekin jantzita agertzeko deia egin zuen CNAAEk (Espainiako Beltz afrikarren eta afro-ondorengoen Komunitatea) eta horrela egin zuten arratsaldean Arriaga plazan elkartu ziren gehienek.

Sani Ladan Ceutako Elin elkarteko kideak egin zituen bozeramaile lanak eta Pedro Sanchez presidentearen hitzak kritikatu zituen -Marokoko Poliziaren lana goraipatu zuen-: «Marokoko segurtasun-indarren alde egin du, Espainiako mugan 37 pertsona hil baitira [hala baieztatu dute zenbait GKEk] Europar Batasunaren politika hilgarriaren ondorioz».

«Espainiako mugan ikusi duguna holokaustoaren zenbait gauzarekin alderatu genezake, eta nire hitzak oso ondo neurtzen ari naiz, hor ikusi ditugun poliziek gizateriaren historiako alde txarrenak ekartzen dizkigutelako gogora», salatu zuen, gogor.

«Inoiz ez da horrelakorik gertatu».

SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak deitu zuten Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioa. Ehunka pertsona bildu ziren eguerdian Alderdi Ederren, gogoraraziz Espainia eta Marokorena dela ostiralean gertatutako «munstrokeriaren» ardura. Donostian ere Pedro Sanchez Madrilgo Gobernuko presidentearen hitzak gaitzetsi zituzten: «Etika alde batera geratzen da gizatasuna kendu zaien pertsonei buruz ari garenean».

Elkarretaratzearen aurretik, bestalde, NAIZ Irratian izan zen Peio Aierbe SOS Arrazakeriako koordinatzailea Melillako sarraskiaren inguruan hitz egiten. «Inoiz ez da horrelako sarraskirik gertatu Ceuta eta Melillako mugetan. Horregatik da hain garrantzitsua gertatutakoa salatzea», nabarmendu zuen.

Halaber, Pedro Sanchezen Exekutiboa gogor kritikatu zuen Aierbek, Gobernu marokoarra «bere mugak kontrolatzeko» erabiltzen duelako, «migrante eta errefuxiatuen kontra». «Ez dira giza eskubideak errespetatzen eta bere poliziak espainiar Gobernuak eskatzen diona egiten du», salatu zuen Aierbek.

Hilobiak prestatzen ari dira

Nador hiriko Giza Eskubideen Marokoko Elkarteak (AMDH-Nador) salatu zuen 21 hilobi prestatzen ari direla hiri horretako Sidi Salem hilerrian, itxuraz, joan den ostiralean Estatu espainiarreko Segurtasun Indarrek eta Marokoko Jendarmeriak Melillan eginiko operazio bortitzaren ondorioz hil ziren migranteentzat. Elkarteak atzo salatu zuen ez zaiela autopsiarik egin hesia igarotzen saiatu ostean hil zituzten pertsonen gorpuei eta ez dela heriotzen inguruko ikerketarik abiatu.

«Gure susmoak konfirmatu dira: gaur goizean, Nadorreko agintariak 21 hilobi prestatzen ari ziren Sidi Salemeko hilerrian, Ostiral Beltzean hesian hildako etorkinetako batzuk lurperatzeko», gaitzetsi zuen AMDH-Nadorrek sare sozialen bitartez. Erakundearen ustez, «agintariek azkar ezkutatu nahi dute bizi izan dugun hondamendia», eta identifikatu gabeko gorpuak lurperatzea, autopsiarik eta ikerketarik egin gabe, «benetako eskandalua» dela esan zuen.

Bestalde, AMDH-Nador-ek joan den larunbatean salatu zuen Nadorreko Hassani ospitalean 15 migranteren gorpuak daudela, gutxienez, «lurrean botata eta usain txarrarekin».

«Bi langilek bakarrik egiten dute lan han, oso egoera zailean. Altzariak eta zorua zikinduta daude migratzaileen odolarekin. Gorpu biltegia beteta dago», adierazi zuen erakundeak.

Kazetariek debekatuta dute ospitale horretara sartzea eta GKEek ere ezin dute informazio askorik lortu. GARA