Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Oi Rio Pro: Brasildarrak nagusi Brasilen, bai eta munduan ere

Egunotan Brasilgo Saquarema hondartzan dira lehen mailako surflariak. Brasilgo kostaldeak surflarientzako aukera ainitz eskaintzen ditu. Azken urteetan surflari brasildarrek sekulako indarra hartu dute CT itzulian.

Gabriel Medina, Brasilgo txapelketako faboritoetako bat.
Gabriel Medina, Brasilgo txapelketako faboritoetako bat. (WSL)

Ekainaren 23an hasi zen CT zirkuituko zortzigarren txapelketa Brasilen, Saquaremako hondartzan, eta datozen orduetan izendatuko dira irabazleak. Olatu ederrak izan dira azken egunetan eta ikuskizunak jarraituko du. Ranking orokorrean buru diren Carissa Moore hawaiiarrak eta Filipe Toledo brasildarrak lidergoari eutsiko diotela dirudi, beren txandetan aurrera egitea lortu baitute.

Zirkuituko bosgarren txapelketaren ostean lehiakide kopurua erdira jaitsi zenetik 24 mutil eta 12 neska irailean AEBetan egingo den Final Handirako pasea eskuratzeko lehiatzen ari dira egunotan. Nesken kategorian lehiakide bakarra da brasildarra, baina mutilen kategorian zortzi lehiakide brasildar ari dira oraindik lehian eta Brasilen egiten ari den txapelketako faboritoak dira etxeko surflari horiek.

Aspalditik egiten da munduko surf txapelketa Brasilen, baina azken hamarkadan surfak sekulako indarra hartu du eta itzelezko jarraipena du. Egun surflari profesionalek futbolariek adina jarraitzaile dituzte Brasilen; izan ere, azken zortzi urteetan lehen mailako itzulian jaun eta jabe bilakatu dira brasildarrak, ia mundu mailako titulu guztiak irabazi dituzte. Hona Brasilgo urautsien eta bertako surflarien argazki orokorra.

RIO DE JANEIRO?

Oi Rio Pro munduko surf txapelketa Rio De Janeiroko txapelketa gisa aurkezten da, baina egiaz hiri horretatik 100 kilometro ekialdera dagoen Saquaremako hondartzan egiten da lehiaketa. Rio de Janeiro Estatuan dagoen herri horri “lakuen eskualdea” deitzen diote eta olatu ederrak sortzeko baldintzak dituen ingurune bitxi batean dago.

Hondartzaren ekialdean “Areia” izeneko ibaia itsasoratzen da eta hegoaldeko itsaskiekin eskuin olatu ederrak sortzen dira Barrinha urautsian. Hondartzaren beste aldean, mendebaldean, lurmutur bat dago eta haren ondoan olatu ederrak izaten dira Itauna hondartzan, hego-mendebaldeko itsaskiak sartzen direnean. Tartean badira urautsi gehiago, baina batez ere bi urautsi horietan egiten da munduko txapelketa.

Apirila eta urria bitartean, Brasil hegoaldeko kostaldeak Antartikan sortutako ekialdeko itsaskiak jasotzen ditu eta Rio de Janeiroko kostaldean surfean aritzeko garai aproposa da, baita Saquareman ere, hegoalderantz begira baitago. Horregatik egiten da munduko txapelketa ere sasoi berean. Aitzitik, orain gutxi arte munduko txapelketa Rio De Janeiro hiriburuko hondartzetan egiten zen, zehatzago Barra da Tijuca hondartzan, hain zuzen ere.

BRASIL.

Amerikako ekialdean dago, baina Atlantiko osoa du parez pare; beraz, distantzia handia egin dezaketen uhinak hurbil daitezke Brasilgo hondartzetara. Itsaskiak ez dira oso handiak izango. Maiztasuna ere ez da Amerika mendebaldean bezain aberatsa, baina badira surf egitera gonbidatzen duten beste zenbait osagai; eguzkia eta uraren tenperatura epela, esate baterako.

Munduko edozein kontinente hartuta, mendebaldeko itsasertzak izaten dira itsaski handi eta ugarienak jasotzen dituztenak. Izan ere, munduak erlojuaren norabidean ematen ditu bueltak eta itsaskiak goitik behera (Ipar hemisferioan) eta behetik gora (Hego hemisferioan) sortzen dira. Bidean, pixkanaka, eta ekuatorera iritsi ahala, itsaskiek indarra galtzen dute eta ia desegin egiten dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, ekialdeko itsasertzetan olaturik ez dagoenik.

Iparraldetik hegoaldera, 7.500 kilometroko kostaldea du Brasilek. Urautsi gehienak hondartzetan sortzen dira eta maila guztietako surflarientzako olatuak aurki daitezke. Iparraldean, Fernando de Noronha eta Natal (Rio Grande do Norte estatuan) artean daude urautsi ezagunenak. Erdialdean, berriz, Itacare inguruan, eta hegoaldean, Rio de Janeiro eta Santa Catarina artean.

Brasil hegoaldean surf egiteko sasoirik onena negua da, apirila eta urria bitartean, alegia; garai horretan olatuek hiru metroko altuera har dezakete. Brasil iparraldean, ostera, surf egiteko sasoirik onena uda izaten da, azaroa eta martxoa bitartean. Garai horretan eurite tropikalak izaten dira Atlantikoan, eta sortzen diren haizeteen ondorioz ohi baino uhin handiagoak jasotzen dira iparraldean.

Klima batez ere tropikala da Brasilgo kostaldean, baina hegoaldean tenperatura epelak dira nagusi. Surfean adituak direnentzat negua da bidaian joateko sasoi hoberena, ekaina eta abuztua artean olatuak handiagoak izaten baitira. Neguko arratsetan ekaitzak sortu ohi dira eta batzuetan, harrigarria badirudi ere, hotz egin dezake. Uraren tenperatura, ordea, epela eta atsegina da urte osoan zehar.

AURREIKUSPENAK.

Brasilen edozein ariketa egiteko prest egon behar du lehiakideak, olatuak oso aldakorrak baitira. Airekoak, ariketa klasikoak edo tuboak ere egin daitezke; horregatik, txapelketako irabazlea nor izango den aurreikustea oso zaila izaten da. Edonola ere, faboritoak bertako surflariak dira Saquaremako lehiaketan eta ikusle andana biltzen da jardunaldi guztietan.

Gabriel Medina izan zen WSL titulu mundiala eskuratu zuen lehen brasildarra -2014an izan zen garaile- eta ordutik izan diren txapeldun ia guztiak brasildarrak izan dira; 2016an eta 2017an salbu, bi urte horietan John John Florence hawaiiarra gailendu baitzen.

Medinak 2014, 2018 eta 2021eko txapelak irabazi zituen. Iaz erretiratu zen Adriano du Souza beteranoak, ostera, 2015ean irabazi zuen WSL titulua, eta 2019an Italo Ferreira izan zen munduko txapelduna. 2020an ez zen irabazlerik izan, covid-19aren pandemiak eragin zituen murrizketen ondorioz.

Horrez gain, egun rankingeko lehen postuan den Sao Paoloko Filipe Toledok bigarren postuan amaitu ditu azken urteetako zirkuituak eta irabazteko itzelezko gosea daukala sumatzen da.

Mutilen kategorian oraindik CT itzulian jarraitzen duten lehiakide brasildarrak honakoak dira: Filipe Toledo, Italo Ferreira, Miguel eta Samuel Pupo anaiak, Caio Ibeli, Jadson Andre, Gabriel Medina eta Yago Dora. Nesken kategorian, berriz, Tatiana Weston-Webb da lehiakide brasildar bakarra.