GARA
WASHINGTON

AEBetako Gorenak «Gera zaitez Mexikon» programa bukatzeko bidea ireki du

Migranteak txarrantxa hesiaren artean.
Migranteak txarrantxa hesiaren artean. (Chandan KHANNA | AFP)

Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak bidea ireki zuen Joe Bidenen Gobernuak «Gera zaitez Mexikon» programa polemikoa bukatu ahal izateko. Programa horren arabera, asilo-eskatzaileek mugaren beste aldean itxaron behar dute prozesua.

Politika hori, Migratzaileak Babesteko Protokoloa, Donald Trump presidenteak ezarri zuen 2019an, eta 60.000 pertsona baino gehiagori eragin zien; horietako asko Mexiko iparraldeko kanpalekuetan pilatuta geratu ziren, erantzunaren zain.

Epaia eman ondoren, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak aurreratu zuen «programa ahal bezain laster amaitzeko ahalegina» egiten jarraituko duela. Orain, Joe Bidenek politika hori buka dezake, iaz presidenteak egindako araudiak ez zuela inmigrazio legerik urratu ebatzi duelako Auzitegi Gorenak, Texas eta Missouri estatuek, Trumpen politikari eutsiz, alegatu zutenaren kontra.