Iker GURRUTXAGA

Dena prest «katedrala» infernu bilakatzeko

40.000 pertsona espero dira bihar San Mames zelaian Bilbao Bizkaia Rock Day kontzertu erraldoian eta azken sarrerak saltzeko daude oraindik.

2007an izan zen Metallica Euskal Herrian, Bilbao BBK Live festibalean.
2007an izan zen Metallica Euskal Herrian, Bilbao BBK Live festibalean. (Luis JAUREGIALTZO FOKU)

Otsaila bukatu aurretik jakin genuen Metallica Kaliforniako taldeak Bilbon geldialdia egingo zuela Europan egingo zuen bidaian. Lehenengo eta azken aldiz 2007an izan zen Bizkaiko hiriburuan Metallica taldea, Kobetamendin, eta sekulako jendetza pilatu zuen, 40.000 inguru izan baitziren orduan. Oraingoan ere zenbakia ez da urruti ibiliko.

Donostiako belodromoan izan ziren lehenengoz 1992ko azaroaren 13an, eta YouTuben ikusteko moduan dagoen kontzertu gogoangarria eskaini zuten: urtebete lehenago kaleratu zuten “Metallica” edota “The Black Album” bezala ezagunagoa den diskoa aurkezteko biran izan ziren Euskal Herrian. Lau urte geroago itzuli ziren, 1996ko irailaren 18an, “Load” aurkezteko. Hamaika urte geroago lehenengoz Bizkaira jo zuten: kasu horretan Bilbao BBK Live festibalera, 2007ko ekainaren 29an.

Metallicak “St. Anger” diskoa kaleratu zuen 2003an eta urtebete geroago “Some Kind of Monster” EPa. Ordurako Jason Newsted baxu-jotzaileak Rob Trujillori utzia zion tokia, eta utzi bazion, utzi zion. Oholtza gainean sekulako munstroa baita Trujillo.

Gainerakoak ia hasieratik dagoen hirukoak izaten jarraitzen du: Kirk Hammet gitarra nagusi moduan, Lars Ullrich baterian eta James Hetfield ahots nagusi eta gitarra erritmikoarekin. Aurten 41 urte beteko dira Los Angelesen taldea sortu zutenetik, eta, azken bisitatik hona, “Death magnetic” kaleratu zuten 2008an eta “Hardwired… to Self-Destruct”, 2016an.

Aurreko mundu biran, bisitatzen zuten herrialde bakoitzean bertako abesti baten bertsioa jotzen zuten. Bartzelonan, esaterako, 2019ko kontzertuan, Pereten “El muerto vivo” eskaini zuten. Euskal Herrian, halakorik bada, ea zer aukeratzen duten

Maila altuko taldeak.

Baina, esan bezala, gaueko 22.00etan Metallica hasi arte, bada zer ikusi eta zer entzun San Mamesen. Niña Coyote eta Chico Tornadok izango dute arratsaldea hasteko tartea, 16.00etan. Donostiako bikoteak 2022an atera du azken lana eta hura aurkezten arituko da Bilbon. Energiaz beteta eta euskaraz hasiko da jaialdia.

Ingalaterran indie-rockaren eszenan ospe handia lortu duen Nothing But Thieves taldearen txanda izango da 17.00etan. BBC Radio 1en sariak eskuratutako taldea da eta 2020tik “Moral Panic” diskoa aurkezten ari dira. Hasieran Arcade Fire, Muse edota Twenty One Pilots taldeekin birian ibiliak, Bilbon, musika gogorragoaren bueltan arituko dira.

18.25ean hasiko da The Hellacopters Suediako taldearen saioa. Garage rock eta hard rocka uztartzen dituzte eta 1994an hasi zuten ibilbidea. Aurten, hamalau urteren ostean, disko berria kaleratu dute, “Eyes of Oblivion” deiturikoa. Euskal Herrian aurretik ere beste jaialdi batzuetan aritu izan dira, Bay Of Biscay edo Azkena Rock jaialdietan, baina baita areto txikiagoetan ere: 1999. urtean, adibidez, Bilboko Kafe Antzokian izan ziren.

Beroketa lanak bukatzeko, 20.00etan Weezer taldea arituko da San Mameseko publikoaren gozagarri. Askok Berri Txarrak taldearen bitartez ezagutu zuten taldea, Matt Sharp taldekide ohiak kolaborazio bat egin zuelako nafarrekin, baina taldeak 30 urte daramatza eszenan. Los Angeleskoak dira, Metallica bezala, baina estilo aldetik igande honetako talderik gozoena izango dira.

Power-poparen eta pop-rockaren artean dabiltza Rivers Cuomo eta konpainia. Emari handiko urteak izaten ari dira haientzat, iaz “OK Human” eta “Van Weezer” diskoak atera ostean, aurten “SZNZ: Spring” eta “SZNZ: Summer” kaleratu baitituzte. Gainera, beste bi disko ere egingo dituzte, antza, “SZNZ” laukoa osatzeko.

Jan-edanei dagokienez, San Mamesen bertan izango da jatekoa eta edatekoa eskuratzeko aukera. Hori bai, behin sartu eta gero irtetea buruan dutenek argi izan behar dute ezin izango dutela estadiora itzuli, baldin eta VIP sarrera ez badute eskuartean.

Kontzertuaren ostean, eta mugikortasunari dagokionez, metro zerbitzua izango da gau osoan zehar, uztailaren 4a jai eguna delako Bizkaian eta jai bezperako ordutegiak ezarriko direlako, beraz. Bilboko Metroaren L1 eta L2 eta Euskotrenen L3 lineek zerbitzua eskainiko dute.