Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Gorputzak

Good Luck to You, Leo Grande” bere azken filmean errealitatean egingo ez zuen zerbait egin duela dio Emma Thompsonek: ispilu aurrean biluzik jarri eta islatuta azaltzen den gorputza onartu ez ezik maitatzen ikastea. Filmean erretiroa harturiko irakasle alargun batek bera baino gazteagoa den gizonezko prostituta bati ordaintzen dio hotel gela batean hainbat aldiz elkartzeko. Senarra ez den gizonezko batekin oheratu eta lehen aldiz bere bizitzan sexuaz gozatu egin nahi du. Elkarrizketa batean azaldu duenez, bere belaunaldiko emakumeak-aktore ingelesak 63 urte ditu- denbora luzeegiz haien gorputzen inguruan modu jakin batean pentsatzera baldintzatu dituzte, eta bestela pentsatzea ezinezkoa zaio Thompsoni. Horregatik erabaki zuen filmean parte hartzea: beste emakume batzuek beren buruak egoera berean ikus ez ditzaten, duten adina dutela beren gorputzez harro senti daitezen. Ez da lehen aldia Thompson adin, genero, sexualitate eta gorputzaren inguruan zintzotasunez mintzo dela bere esperientziak ardatz hartuta. Duela hilabete batzuk adinean gora egindako bere gorputzak eragiten dion antsietateari buruz idatzi zuen egunkari batean eta nola kartzela psikologiko horretatik ihes egin nahi zuen: “Good Luck to You, Leo Grande” filmeko protagonistak bezala, berak ere bere gorputzean gustura egon nahi du. Baina zenbat trabari eta lege usteli aurre egin behar dion batek gorputzarekin gustura egon ez ezik haren inguruko erabakiak hartu ahal izateko.