GARA
ZORNOTZA

Langile bat hil da Zornotzako Aludium lantegian izandako lan-istripuan

Langile bat hil zen atzo Zornotzako Aludium lantegian pala baten mantentze-lanak egiten ari zela. Azpikontrata bateko langilea zen.

Aludium enpresako kamioi baten argazkia, Zornotzako lantegian.
Aludium enpresako kamioi baten argazkia, Zornotzako lantegian. (EUROPA PRESS)

Langile bat hil zen atzo Zornotzako Aludium lantegian, UGTk ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Istripua 13.00ak aldera gertatu zen: langilea mantentze-lanak egiten ari zen eta pala baten kazoa gainera erori zitzaion.

Sindikatuaren arabera, biktima aluminioa lantzen duen Aludiumek azpikontratatutako Verman enpresako langilea zen.

UGTk elkarretaratzera deitu du datorren asteazkenerako Bilbon lan-istripu berri hau salatzeko. Halaber, Lan Ikuskaritzari eta Osalani eskatu die erantzukizunak argitzeko, «istripuak, askotan, prekarietatearen ondorio baitira».

Prekarietatea eta azpikontratazioa.

LABen hitzetan, Zornotzan gertatu dena «ez da berria; urtero ditugu honelako lan istripuak. Azpikontratetako langileak hil egiten dira lan baldintza kaskarrengatik. Ez dago aitzakiarik hiru lanegunetik behin langile bat hiltzeko. Argi dugu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza baizik».

«Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez: lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira», adierazi du LABek. Eta «bizi eta lan duinak» beharrezkoak direla nabarmendu du: «Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu».

Gogoratu duenez, bi langile hil dira bi egunetan Euskal Herrian. Izan ere, ostegunean furgoneta bateko gidaria zirkulazio-istripu batean hil zen Luiaondon, antza denez Portugaleteko azokan salmenta lanak egin ondoren etxera itzultzen ari zela. «Azken bi hauekin, gutxienez 42 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak», esan du sindikatuak, lan-istripu «hauei eta guztiei erantzuteko» konpromisoa berretsi duenak.