Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gerra Hotza, klima hozteko ez

Sasoian sasoikoa. Jaien usaina edonon, egur errearen usainarekin batera. Jazzaldiak handik, jazarraldiak hortik, nahasian. Atsedena eta atsekabea, uztarrian. Total, entzierroen giroa bueltan, zezenak xaxatzea gustukoa dutenentzat. Jakina, zezenek ere adarrak zorroztuta, bi urte kamustuta izan eta gero. Ez, ez da erraza batzuetan kontrarioaren larruan jartzea! Are gutxiago adarrean!

Egunkariko orriak aurrera eta orriak atzera ilustratu gurarik, hara!, kostako herrian kaxarranka lehenbizikoz emakume batek dantzatu du! Bidea ibiltzen egiten da! Sasoian sasoikoa. Alarde aroa. Zein den zaila parekide izatea. Udal balkoian hutsuneak, hutsune hutsak; alkatea, ustez, beste nonbait zuloa betetzen, komunean seguru asko. Krisi asko eta askotarikoak diren honetan hipokrisia ere hortxe, alardez jantzita!

Alardetik alardera. NATO eta OTAN bildu egin dira, jakin gabe bata dela bestearen arerio nagusia, kanpora bila joan beharrik gabe ere. Gerra Hotzaren aldeko abarrotsa eguneratu egin dute, noiz eta beroketa globala beroago eta globalago den honetan. Baina ez dut uste helburua klima hoztea izango zutenik! Hori bai, arma berriztagarriak izango dira aurrerantzean, nuklearrak eta suntsiketa masibokoak izanda ere, baina berriztagarriak, prefostia! Traktoreak eta uzta-makinak urtuta ekoiztutako arma berriztagarriak, ekonomia zirkularraren aldeko apustu seinale! Armagintza aurreratua, negozio-nitxo berria, planetako beste munduetan hobiak zabaltzera beharko duena! Atlantikoa ozeano guztien buru ezartzeko sasoia, iparrean legez hegoan ere!

Mendira jotzeko sasoia oraingo hau. Gauez joateko ere. Tontorreraino gaur. Bestelako gailurrak gureak. Gau erdia argitzeko apustua, kostatik kostara, kosta ahala kosta. Bestelako Atlantikoa da gurea. Eta bestelako iparra. Bestelako alardea. Bestelako dena, bestelakoa.