GARA
DONOSTIA

Lakuak 2.812 familiari aitortu die etxebizitza eskubide subjektiboa

Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa izateko baldintzak bete dituztela jakinarazi die 2.812 familiari, gutun bidez (513 Araban, 1.515 Bizkaian eta 784 Gipuzkoan).

Etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak honako hauek dira: etxebizitza edo bizitoki egonkor edo egokirik ez edukitzea; Etxebideren Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea alokairu erregimenean, gutxienez lau urteko antzinatasunarekin; eta hiru kide edo gehiagoko bizikidetza unitateetan urtean gehienez 15.000 euroko diru sarrera haztatuak ez gainditzea, 12.000 eurokoak bi kideko bizikidetza unitateetan, eta 9.000 eurokoak kide bakarreko bizikidetza unitateetan.

Lakuako iturriek jakinarazi dutenez, aste honetan banatzen hasi den jakinarazpenean aitorpena izapidetzeko eman behar dituzten pausoen berri eman zaie. Gutun guztiekin batera, dagokion eskabidea aurkeztu behar da.

Eskubide subjektiboa onartzeak berekin dakar etxebizitza bat esleitzea alokairu erregimenean edo, etxebizitzarik eskuragarri ez badago, hilean gehienez 275 euroko prestazio ekonomikoa eskuratzea, alokairua ordaintzeko bakarrik erabili beharko dena. Etxebizitzaren Legea abian jarri ondoren, EAEn, gaur egun, 6.777 familiak dute eskubide subjektiboa aitortuta eta indarrean.