Jon ORMAZABAL
PILOTA

Joseba Ezkurdia, kaiolan askoz libreago sentitzen den txoria

Pilotari abiadura eman, saketik asmatu eta bi paretakoekin asko asmatuta, arbizuarrak merezita irabazi zion, hamabina berdinduta zirela, ezker izterrean ziztada bat sentitu zuen Unai Lasori, bide batez barruan zituen zenbait arantza ateraz.

Joseba Ezkurdia, irribarretsu, falta zitzaizkion bi txapeletatik bat jantzita.
Joseba Ezkurdia, irribarretsu, falta zitzaizkion bi txapeletatik bat jantzita. (Jon URBE FOKU)

Kontraesana dirudi, baina bere 1,90 luze eta gorpuzkera sendo eta zabal horrekin, eremu murritzenean, kaiolan hain zuzen ere, sentitzen da libreen Joseba Ezkurdia. Bertan ditu lortuak bere bakarkako bi txapelak eta atzo bere palmaresari beste bat gehitu zion, ofiziala ez baina bereziki nafarrentzat horren estimatua den sanferminetako lau eta erdikoa, Unai Lasori 22-15 gailenduta. Duela hilabete jokatutako finalaren eta uztailaren 7an bertan galdutako beste bien arantza kentzeko asmoz irten zen arbizuarra kantxara, baita lortu ere, eta txapeldunak lehen pilotakadatik ikusi zuen partidak ez zuela Nafarroa Arenan berriki jokatutakoaren inolako antzik.

Orduko hartan arbizuarra bere mailatik urrun egon bazen, azkenerako asko sufritu behar izan bazuen ere, sakandarra eroso moldatu zen kaiolaren estuasunean. Jokatutako erritmoan eta eguerdiko beroan, partida itogarria izan zen; tarteka gorputzari buelta ematea ere kosta egin zitzaion Ezkurdiari, baina fisikoki ere ondo prestatutako mutila da Aspekoa.

Jakaren aurkako finalerdian horretan inoiz ez bezala asmatu bazuen ere, Ezkurdia ez da pilotari luzea; berea altuera askorik gabe pilotari abiadura ematea da eta hori askoz eraginkorragoa da, saketik hasita, lau eta erdian, atzo ikusi zen bezala. Unai Lasori, ordea, pilota nahi beste luzatzeko modurik gabe, nekezagoa egin zitzaion hiru eta erdian gorputz erraldoia jarri zaion aurkaria gainditzea.

ZIZTADA IZTERREAN.

Gauzak horrela, partida hasiera estu baten ostean, Aspeko aurrelaria nagusi izan zen, bai jokoan, baita markagailuan ere, alde nabarmenak lortzeraino, 6-12. Kontua da Unai Laso ez dela kasualitatez txapeldun. Oso gutxi behar du tantoa amaitzeko eta pilota ezkerparetara baztertuz eta sake-errematean asmatuz, aitaren batean lortu zuen partida hamabina berdintzea, zaleen gozamenerako.

Duela hilabete pasatxo handik gertu jokatutako Buruz Buruko finala ez bezala, pixkanaka partida ikaragarri gogortu zen eta, Baikoko aurrelari biziak justu zailena egina zuela zirudienean, Bizkarreta-Gerendiaingoak ziztada bat nabaritu zuen ezker izterrean tanto gogor baten ostean. Zorionez, aldageletan medikuaren igurtziak jasota aparteko arazorik gabe amaitu ahal izan zuen partida txapeldunak, eta hori, amaiera ikaragarri gogorra izan zela -torneo honetako piloteatuena-.

AMAIERAN OSOAGO.

Biei ere nekeak asko erasan zien arren, arbizuarrak berak gorputzari buelta emateko arazoak izan zituela aitortu zuen; Ezkurdiak osoago amaitu zuen partida. Lesioak izan zezakeen garrantziak arduratuta, Unai Laso ere partidatik apur bat irten egin zen eta, Buruz Buruko finalean akats bat bera egin ez bazuen, atzo amaierarako bederatzi ere zenbatu genizkion eta hortik ere joan zitzaion partida, Ezkurdiari batere meriturik kendu gabe. Saketik eta, batez ere, bi paretekin min handia egin zion eta jokaldi honekin amaitutako bosgarren tantoarekin ia txapelak adina balio duen garaipena eskuratu zuen; ondo merezita gainera.

Orain, Lasoren lesioa larria ez izatea espero behar, gaur gauean bertan berriz ere Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzekoa baita, kasu honetan, Mariezkurrenak eta Martijak lagunduta, binaka. Oraindik beroan, min handirik ez omen zuen Baikoko aurrelariak eta gaur erabakiko du jokatzeko moduan ote den, uda luzea du eta aurretik txapeldunak.