GARA
DONOSTIA
MENDI LASTERKETAK

Javi Dominguezen seigarren Ehunmiliak

Korrikalari gasteiztarrak 23 ordu, 4 minutu eta 6 segundo behar izan ditu 168 kilometroko luzera duen proba egiteko. Aritz Egeak, berriz, errekor berria ezarri du Goierriko Bi Handiak lasterketan.

Javi Dominguez, helmugara iristen.
Javi Dominguez, helmugara iristen. (Jon URBE FOKU)

Javi Dominguez korrikalari gasteiztarrak irabazi du berriro Ehunmiliak lasterketa. Seigarren aldia da garaipena lortzen duela Beasaingo helmugan. 2011n, 2014an, 2016an, 2017an eta 2018an ere lehen postua erdietsi zuen eta 2013an bigarrena izan zen. Ostiral arratsaldeko seietan abiatu zuen lasterketa korrikalari gasteiztarrak eta 23 ordu, 4 minutu eta 6 segundo behar izan zituen ibilbidea betetzeko. Dominguezek ezin izan zuen hobetu 2019an Jon Aizpuruk ezarritako marka. 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundokoa, hain zuzen ere.

Ander Erice izan zen bigarren sailkatua, bi ordu eta ia 32 minutura. Hirugarren tokian, berriz, Oscar Perez de Nanclaresek amaitu zuen, garailearengatik bi ordu eta 55 minutura.

495 mendi lasterkarik parte hartu zuten proban. Horietatik, 470 gizonezkoak izan ziren eta 25 emakumezkoak. Goierri, Urola Kosta eta Tolosaldeko 30 udalerri zeharkatu behar izan zituzten 168 kilometroko luzera eta 11.000 metroko desnibel positiboa duen proban.

EGEAREN ERREKORRA

Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa ere egin zuten atzo Beasainen. Aritz Egea urretxuarra eta Gemma Barrabeig katalana izan ziren irabazleak. Ostiraleko gaueko hamaiketan abiatu ziren korrikalariak Beasainetik, Ehunmiliak lasterketakoak baino bost ordu geroago; bada, larunbateko goizeko bederatziak baino arinago iritsi zen Egea helmugara. Hamar ordutik behera jaistea zuen helburu eta 9 ordu eta 51 minututan bete zuen 88 kilometrotako ibilbidea. Bide batez, probako errekor berria ezarri zuen Egeak. Goar Lopetegi izan zen bigarrena eta Joseba Escudero hirugarrena.

Barrabeig katalanak, berriz, 14 ordu eta 6 minutu behar izan zituen eta ezin izan zuen 2019an Uxue Frailek egindako 12 ordu eta 11 minututako marka gainditu. Amaia Larreategi eta Amaia Otxoa de Alda igo ziren berarekin batera podiumera.