Oinena
Txakolin freskoari hurrupa eginda zure zintzurrari begira nengoela entzun dizut azazkalena,
bildu gabe utzi dituzula komunean, eta hori ez dela biziki «glamour». Aizturrekin edo azazkal-moztekoarekin, eta ea non mozten ditudan galdetu didazu orduan, txoko maitaturik ba ote dudan. Momentu batez ilargiari begiratzen ote diodan galdetuko zenidala pentsatu dut bestalde, ilea mozteko hala egiten baitut. Baina elkarrizketan ez naiz eroso egon, intimoa delako agian, nire-nirea den zerbait zuri eman behar nizula sentitu dut.
Azazkal luze bat zikina izan daitekeela, aldiz, tindu aproposekin eder agertzen ahal dela, eta hor fetitxe kontuekin lotu zara, oinaren erotikaz mintzo. Tartso, metatartso eta falangeak, hiru zati horiek bereizten ditudala erran dizut nik, 26 hezur orotara, ongi ikasi nuela astragaloa galdu nuenetik. Baina Elvis Presley handiak zergatik maite zituen badakidan galdetu didazu, eta nik ezetz. Amak txikitan masajeak ematen zizkiolako, geroztik iman moduko bat zuela oinengana. Eta Tarantinok gaitz modura duela oinena, filma gehienetan egiten dituela soberako planoak oin biluztuekin. Azken ondorioa, ia beti gizonezkoak daudela emakumeen oinei begira. Ez dakit egia den, baina Uma Thurmanen irudia etorri zait “Pulp Fiction’-en, bere oin erraldoiekin. Aproposa iruditu zait zure hizketaldia udarako. Horregatik eskaini dizut Josebak irakatsi zidana, ea badakizun zergatik zeramatzan sandaliak Cesarrek. «Porque era Julio».

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
