Azkeneraino zukutu dituzte sanferminak
Biharamuna gainetik kendu gabe bada ere, balantzerako eguna izaten da uztailaren 15 hau eta, Villavesaren entzierrora heldu ez badira ere, aurtengo sanferminak azken muturreraino zukutu izanaren gogobetetasunarekin esnatuko dira Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Feria Ezkurdia-Martija txikituz -2020ko Binakako txapeldunak- hasi zuten eta amaitu edozein txapelketa irabazteko faborito izango liratekeen Altuna-Rezustari nagusitasunez gailenduta (22-16) egin zuten, Baikori 2016tik -Olaizola-Albisurekin- irabazten ez zuen torneo bat emanez.
Alde horretatik, garaipen honek badu aldarrikapen kutsurik bi irabazleentzat. Kontuan izan behar da Labriteko protagonistarentzat aurreneko torneo handia dela, duela bi urte enpresatik kanpo egon ostean, eta Lasoren ordez aritu den alegiarrak ere onenen artean lekua baduela berretsi du, udako konpromiso handietatik at geratu ostean Iruñean bost partida jokatu eta bostak irabazita, tartean feria nagusiko hiru.
EDUKIZ ETA FORMAZ
Baina emaitzez harago, torneoa irabazteko modua ere nabarmentzekoa izan da, batez ere lehen eta azken partidetan, bi bikote oso handiri goitik behera nagusitu zitzaizkielako. Emaitzan, finalak ez zuen inolako antzik izan lehenengoarekin, baina jokoan atzokoan ere goitik behera nagusitu ziren gipuzkoarra eta nafarra. Ezbairik gabe, Jon Mariezkurrena izan da torneo honetako protagonista nagusia eta hala eraman zuen pilotaririk onenaren saria. Berriozartarrak ia partida osoa zazpitik atzera izan zuen Beñat Rezusta atzelari handia eta gutxitan ikusten den nagusitasuna izan zuen piloteoan, Jokin Altuna erabat jokoz kanpo utziz. Gorriek jo zituzten pilotakada kopuruari begiratzea besterik ez dago pilota non egon zen ulertzeko -109 Altunak eta 156 Rezustak-.
Egia da, Iñaki Artolari, partidaren aurreneko erdian behinik behin, pixka bat kostatu zitzaiola bere atzelariak sortutako aukerei etekina ateratzea baina, ostiralean bezala, oso joko praktikoa eta egokia egin zuen, pilota atzeratuz eta Jokin Altunarekin ahalik eta gutxien nahastuz. Bukaera alderako, gainera, errematean ere bikain asmatu zuen eta pozik egoteko motibo ugari ditu.