GARA
lonDRES

Geranium, munduko 50 jatetxe onenen zerrendan garaile

Munduko 50 Jatetxe Onenen Saria Kopenhagera joan de berriz ere. Noma jatetxeari Geranium-ek hartu dio lekukoa. Bittor Arginzonizen Etxebarri Erretegiak ezin izan du lehen bostetan sartu eta, hiru postu galduta, seigarren geratu da. Elkanok iazko leku bera egin du -hamaseigarrena- eta Mugaritz 14. postutik 21.era pasatu da.

Sarituen taldeko argazkia, Londresko lonja zaharrean astelehen gauean eginiko ekitaldian.
Sarituen taldeko argazkia, Londresko lonja zaharrean astelehen gauean eginiko ekitaldian. (David HOLBROOK | AFP)

Danimarkarren artean dago jokoa. René Redzepiri (Noma) Rasmus Kofoed-ek (Geranium) hartu dio lekukoa, gastronomia alorreko aditu askoren kinielak betez. Bigarren lekuan geratu zen iaz Geranium, Nomaren atzetik.

Best of the Best izeneko atalean sartu da Redzepi, aurretik podium-aren lehen postuan geratu izan direnen beste batzuekin batera.

«Platerean artea egiten du, Eskandinaviako urtaro bakoitzeko jakiak paletatzat erabilita», nabarmendu zuen epaimahaiak Geranium jatetxea saritzerakoan.

Kofoed-ek betidanik naturarekin izan duen harreman estua nabarmendu zuen, landa eremuan hazitakoa baita. Magikoa da, bere hitzetan, saria eskuratzea. «Ez da besteak baino hobea izatea; denontzako ospakizuna da ekitaldia», adierazi zuen Londresko Old Billingsgaten -Ukrainaren aurkako gudaren ondorioz Mosku baztertuta- egindako ekitaldian.

Bartzelonako Disfrutar, DiverXO -20. postutik 5. postura igo da Dabiz Muñoz- eta Pujol sailkatu dira atzetik.

Euskal Herrikoei dagokienez, Bittor Arginzonizen Etxebarri Erretegiak ezin izan du lehen bostetan sartu eta, hiru postu galduta, seigarren geratu da. Elkanok iazko postua egin du -hamaseigarrena- eta Mugaritz 14. postutik 21.era pasatu da. Azurmendik ere jaitsiera izan du, eta Nerua eta Arzak zerrendatik kanpo geratu dira.

Bere aldetik, Leonor Espinosa chef kolonbiarrak munduko sukaldari onenaren saria jaso du.

Angel Leonen Aponientek -zerrendatik atera arren- jatetxe sostengarrienaren saria jaso du. Itsasoan egindako lan berritzailea eta planktona, itsas zereala eta antzeko baliabide ezezagunen erabilera saritu dute.

Izan da berrikuntzarik aurten. Izan ere, Josep Roca aukeratu dute sommelier onena bezala. Lehen aldiz izan du atal hau The World’s 50 Best Restaurants sariketak. Chef's Choice saria Mexikoko Jorge Vallejorentzat izan da eta gozogile onenarena, Rene Frank-entzat. Berea da Alemaniako azkenburukoen jatetxe bakarra, Coda.

Mundu osoko hautaketa

. Mundu osoko 1.800 adituren -kazetariak, sukaldariak eta gastronomiazaleak, tartean- iritzia jasotzen du sariketak. Sistema elektronikoaren bidez kide bakoitzak urtean hamar jatetxe aukeratzen ditu. Izurriak aldaketak ekarri ditu, eta orain nork bere herrialdeko zazpi jatetxe hautatu ditu eta beste hiru, munduko beste tokiko batzuetakoekoak.

William Drew sarien arduradunetako baten hitzetan, «sorreran, duela bi hamarkada, erokeria zirudien gisa honetako sariak antolatzeak, baina munduko gastronomian ekitaldi garrantzitsuenetakoa bilakatu da».

Urtero antolatzen diren sari hauek aniztasuna sustatzeko eta talentu berriak ezagutarazteko duten gaitasuna txalotu zuen ekitaldian.