Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altunak zail ikusten du Gasteizen jokatzea

Donostiako ferian ariko diren pilotariak.
Donostiako ferian ariko diren pilotariak. (A. CANELLADA FOKU)

Triste eta «kezka puntu batekin» agertu zen atzo Jokin Altuna Donostiako feriaren aurkezpenera. Teorian ez luke abuztuaren 28an Atano III.ean egoteko arazorik izan behar, baina gaur ez du, iragarrita zegoen bezala, Beran jokatzerik izango eta asteburuan Gasteizko Andre Maria Zuriaren ferian aritzea ere ia ezinezko ikusten du amezketarrak, aurreko ostiralean Getariako partidan frontisaren aurka hartu zuen kolpe gogorra dela-eta.

Lau egunez atseden hartu ondoren, asteartean frontoiko proba bat egin zuen amezketarrak eta sentsazioak ez ziren batere onak izan. «Eboluzioa ona da geldirik egoteko, baina pilota jotzeko ez nago. Kolpe latza hartu nuen, leku txarrean oso; pilotarientzat dagoen giharrik garrantzitsuenetako batean izan zen eta, egia esan, kezka puntu bat badut», azaldu zuen. «Saihetsetik pilota jotzerakoan zartatekoa ematen dit, ezin dut pilota jo. Momentuan bertan, beroan ere ezin nuen besoa behar bezala luzatu; asko handitu zitzaidan ingurua eta orain ere hala dago. Koxkor handi bat daukat eta ubeldura dezentekoa ere bai, nik uste kolpea irteten ari zaidala. Leku txarra da oso eta orain errehabilitazioa egin eta ea pixkanaka hobetzen doan».

Masajistarekin zenbait saio eginak ditu dagoeneko eta gaur bertan erresonantzia magnetiko bat egingo diote lesio handiagorik ba ote den baztertzeko. «Pilotariek ezkerrez hortik jotzen ditugu pilota guztiak eta horregatik pixka bat kezkatua banago. Ondo jarriko naiz, baina pena hori dut, geldirik egon ostean abuztu oso polita nuela, asko ari nintzela disfrutatzen... Zorte txarrarekin nabil nonbait azkenaldian. Halaxe izaten da batzuetan». Ez du itzulerako data zehatz bat buruan, bere gorputza joango zaio esaten noiz bueltatu, baina astebururako oso zail ikusten du jokatzeko moduan izatea, ezinezko ez esateagatik.

FERIA MOTZAGOA.

Donostiako feriari dagokionez, aurtengoa ohikoa baino motzagoa izango da, bi jaialdi baino ez ditu-eta izango, abuztuaren 28an eta irailaren 2an, hain zuzen ere. Hori bai, kalitatean ez da inolako murrizketarik izango eta Aspe eta Baiko duten onenarekin joango dira Atano III.era. Hasteko, finalerdietan Laso-Zabaletak -pare bat partidatan baino ez dute elkarrekin jokatu- Altuna III.a-Albisuren aurka jokatuko dute eta, finalean, Ezkurdia-Mariezkurrena -Mastersean elkarrekin ari diren bi pilotari- izango dituzte zain. Masterseko konpromisoak dira, hain zuzen ere, Donostiako feria murritzarazi duten faktoreetako bat -finalaren egunean jaialdia izango da Lekeition-, baina ematen du, Donostiakoa antolatu duten eragatik, Laso eta Altunaren arteko partida bat egotea ere nolabait ziurtatu nahi izan dutela.