GARA
BILBO

Larrabetzu, Berango eta Itzubaltzeta parrandarako prest

Behin sanignazioak atzean utzita, Larrabetzuk, Berangok eta Itzubaltzetak hartuko dute asteburu honetan Bizkaiko jaien lekukoa. Musika eta aisialdi eskaintza zabala eskainiko dute guztiek ere askotariko kontzertu, olinpiada, kirol ekitaldi eta lehiaketa gastronomikoekin.

Larrabetzuko 2016ko Gazte Eguna.
Larrabetzuko 2016ko Gazte Eguna. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Larrabetzuko jai nagusiak abuztuaren erdialdera ospatuko badira ere, bihar Gazte Eguna dago iragarrita (ohikoa baino astebete geroago, Hatortxu Rock jaialdiarekin bat ez egiteko). Bi urteko etenaldiaren ostean, indartsu bueltatuko da Larrabetzuko Gazte Eguna eta Hori Bai gaztetxeko kideek egitarau zabala prestatu dute egun osorako. Nabarmendu dutenez, egitarauaren eskema aurreko edizioen antzekoa bada ere, hainbat berritasun sartu dituzte, batez ere musika eskaintzari dagokionez, gaurkotasun eta aniztasun handiagoa izan dezan.

Eguna ondo hasteko, 12.30ean Kittu taldearen emanaldia izango da, Euskal Herriko gaurko eta betiko abestiekin. Arratsaldean, berriz, Sakatu! elektrotxarangak girotuko du jaia 19.30etik aurrera. Kontzertuei dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita 22.30etik aurrera: J Martina, The Lio, Crim eta Xiberoots. Paraleloki, gau osoan DJak izango dira gaztetxean: Little Martin Selektah, DJ Reimy eta Malakias eta Maixa.

Itzubaltzeta

Getxoko Itzubaltzeta auzoan ere jaiak ospatuko dituzte asteburuan, bi urteko etenaren ostean kaleak, dendak eta tabernak betetzeko asmoz.

Txupin Eguna asteazkenean, abuztuaren 3an, izan zen eta osteguneko Sonbreru Egunaren ostean, gaur Kuadrillen Eguna ospatuko dute. Bihar, abuztuak 6, Putxera Eguna izango da. Lehiaketa gastronomikoarekin batera, beste hainbat ekitaldi daude iragarrita: kantu jira, mus txapelketa, bertso saioa, boxeo erakustaldia edota reggae jaialdia, besteak beste.

Igandean, abuztuak 7, Tortilla Eguna egingo da. Sari banaketaren ondoren, arratsaldez, sardina atea, “Gaixoa ni”, afaria eta azken traka daude programatuta.

Egitarau ofizialetik at, tabernek ere ekitaldi ugari prestatu dituzte. Gaur, abuztuak 5, txorizo-jate herrikoia izango da eguerdian eta arratsaldez kontzertu zerrenda luzea dago iragarrita hainbat kaletan. Eta bihar, abuztuak 6, hirugihar bazkari herrikoia eta barbakoa herrikoia izango dira eguerdian, eta, arratsaldean, mus txapelketa eta kontzertuak.

Berango

Azkenik, berangarrek ere herriko jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Pasa den astean Santa Ana jaiak amaitu ondoren, oraingoan Santo Domingo jaien txanda iritsi da.

Parranda, ofizialki, atzo hasi bazen ere, gaur sekulako jarraipena izango du hainbat ekitaldirekin: haur parkea, bosteko futbol txapelketaren finalaurrekoak, idi probak, txokolate jana, dantza emanaldia, kontzertua eta disko festa, besteak beste.

Bihar, abuztuak 6, Berango kantari taldearen kalejirak emango dio hasiera egunari. Ostean, birziklatzeko tailerra, bits-jaia, gazte parkea, bosteko futbol txapelketaren finala, bingo musikatua, dantza plaza, hanburgesa jana, kontzertua eta Erruki erromeria taldearen emanaldia izango dira.